Abiatu da Euskal Kulgurgintzaren Transmisioa aditu titulua, bigarren urtez

Usoa Agirre 2009ko urt. 15a, 11:57
Uste baino astebete beranduago, elurra zela-eta, baina urtarrilaren 14an abiatu zen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren bigarren aldia. Oraingoan, Julen Arexolaleibak koordinatuko du batzorde pedagogikoa, ikastaroa bera sei hilabetekoa izango da, eta, hirugarren berrikuntza, ikastaroak bere webgunea izango du, Huhezikoaren barruan.

Arratsaldeko 15:00etan abiatu zen ikastaroa. Julen Arexolaleibak egin zituen aurkezpenak 30 bat ikasleren artean. Helburuak azaldu zituen, eduki arloak eta lan prozedurak. Ondoren, han zeuden guztiek beren burua aurkeztu zuten. Gehienek kezka pertsonalak bultzatuta eman dute izena ikastaroan, nahiz eta badiren beste batzuek gauza bera egin dutenak beren lanaren mesede bila.

Lehen hizlariak

Behin sarrerakoak eginda, hasi egin zen ikastaroa bera. Maialen Lujanbio bertsolariak hartu zuen hitza lehendabizi. Maialen ikasle izan zen ikastaro honen lehen edizioan, eta ikastaroaren ikuspegi orokorra eman zuen, panorama orokorra, berak orduan hartutako oharretan oinarrituta.

Ondoren, Xabier Amurizaren txanda izan zen, eta horrek bere ibilbidea azaldu zuen, euskaltzaletu zenetiko bidea. Behin baino gehiago aipatu zituen Marcel Proust eta James Joyce idazleak, batez ere lehena, bera antzeko proiektu batean murgilduta baitabil. "Joan ziren" proiektuak zazpi liburuki edo gehiago hartuko ditu, "Denbora galduaren bila" hark bezala. Jendeak sekulako arretaz jarraitu zituen Amurizaren hitzak, bere haurtzarotik hasita, anekdota ugari kontatu baitzituen, sekulako maisutasunez.

Aditu tituluaren bilakaera

Aditu titulua 2007-2008 ikasturtean egin zen lehen aldiz, orduan 60 ikaslerekin. Graduondokoaren arduradunek diotenez, esperientziak erakutsi diete sakondu egin behar dutela didaktika ereduan; hau da, ikasleei aukera handiagoa eman behar dietela parte hartzeko, ikasitakoan sakontzeko, nork bere interesen arabera ondorioak ateratzeko. Hala, arreta berezia eskainiko diete:

  • Hezkuntza sistemari.
  • Tokian tokiko ekimen eredugarriei.

Helburuak

Ikastaroak helburua du corpus batean biltzea euskal kulturgintzari buruzko jakintza, barreiatua dago-eta, eta belaunaldi gazteei transmititzea. Halaber, ikusita zelako desafioak dituen euskal kulturgintzak, bilatzen du formazio multifokala eta praktikoa
egitea. Hori guztia arituek eta adituek emanda. Beste alorretakoen eskura jarriko du, orobat, kulturgintzaren transmisioan izandako estrategia eta esperientzia partzialak. Horretarako, bi multzo harreman eragingo ditu: aritu eta adituen multzoa eta bihar-etziko eragileen multzoa, gai honetan jantzi nahi duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak