Manifestaldi jendetsuarekin amaitu zuten astebeteko baraualdia

Jon Berezibar 2006ko urr. 30a, 09:25
Zapatu arratsaldean egindako manifestaldi jendetsuarekin amaitu zuten gose grebalariek aldarrikapen ekimena. Hamabi debagoiendarrek egin dute gose greba astebetez Arrasaten, presoen eskubideak betetzeko eskatzeko. Babes zabala jaso dute grebalariek bai baraualdian zein zapatuan egindako manifestaldi jendetsuan.

Presoen oinarrizko hiru eskubide errespetatuak izateko egin dira ekitaldiok: preso gaixoak eta zigorra bete dutenak kaleratzea eta euskal presoei dagozkien eskubide guztiak errespetatzea.

Urriaren 21ean ekin zioten barauari grebalariek eta astebete egin dute hamabi debagoiendarrek Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Euskal Herri mailako ekimena da hau eta Debagoienaren ostean Lea Artibai eskualdeak hartuko du lekukoa, abenduaren 16an hiriburuetan egingo diren ekitaldiekin amaitu arte. Presoen eskubideen aldarrikapenetarako astea izan da hau, gose grebaz gain, hilabete amaierako kontzentraziora ere herritar ugari gerturatu ziren eta, zapatuan, manifestazioan ere ehunka lagunek egin zuten bat deiarekin.

Babes handia

Baraualdian egindako denboran hainbat gizarte eragile eta talderekin biltzeko aukera izan dute grebalariek. Eguenean egindako prentsaurreko jendetsuan azaldu zutenez, izandako elkarrizketetan "aldarrikapenekin bat-egite maila handia izan da" eta erakusgarri moduan ipini zuten prentsaurrekora gerturatutako jende kopurua. Babes hori ere jaso zuen zapatuko manifestaldiak. Uarkapetik abiatu eta herriko plazan amaitu zen. Bertan izan zen Juan Mari Olano, Askatasuneko bozeramailea, grebalariei eskerrak eman eta euskal gizarteari presoen eskubideen aldarrikapenetara batzeko deia eginez. Hark "herri gisa erantzuteko beharra" azpimarratu zuen manifestaldi amaieran egindako hitzaldi laburrean argi eta garbi esanez "presoak ezin direla xantaia politikorako erabiltzen utzi".

Ibarreko presoak gogoan

"Oso gordintzat" jo zuten egueneko prentsaurrekoan ibarreko presoen egoera. Jon Agirre aramaioarra, larri gaixorik dagoena eta 25 urteko kondena beteta duena espetxean "bahiturik" jarraitzen duela salatu zuten.

Josu Uribetxeberria arrasatearrari orain bi urte minbizia diagnostikatu zioten eta Langraitzeko enfermerian jarraitzen du.

Unai Parot eta Jose Ignazio Gaztañagaren kasuak ere aipatu zituzten, kondena osoa beteta, espetxean jarraitzen dutelako. Baita zigorraren 3/4ak bete dituzten Jesus Mari Zabarte eta Xabier Urizar arrasatearren eta Xabier Lazkano, Luis Mari Azkargorta eta Mikel Askasibar bergararren kasuak ere. Hala, esan zuten "koiuntura politikotik aparte, eskubide direlako errespetatuak izan behar" direla presoen eskubideak. Hain justu, hori izan da abiarazitako grebaren muina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak