Eskaintza zabala eta ordutegi malgua dute Udal Euskaltegiek ikasturte berrian

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko ira. 21a, 17:31
Astelehenean hasten dituzte eskolak eta izena ematen dutenen artean matrikula bat zozketatuko dute.

Ikasturte berria hastera doaz ibarreko Udal Euskaltegiak eta egun hauetan aurkeztu dute euren programa: eskaintza eta ordutegi malgua dira ikasturte berriaren ezaugarria. Eguneroko beharretara egokitu dute euren eskaintza eta ordutegia Udal Euskaltegiek eta horregatik, betiko eskolak ez ezik, sektore ezberdinetara egokitutako eskolak eta internet bidez etxetik jarraitu daitezkeenak ere eskainiko dituzte ikasturte berrian ere, besteak beste.

Etorkinendako ere bai

Ikasle motari ere erreparatu diote Udal Euskaltegiek eskaintza zabaltzeko. "Ikaslearen adina igotzen doa batetik, 40 urtetik gorakoak dira gehienak", dio Maria Dolores Letek, Bergarako Udal Euskaltegiko zuzendariak. "Bestetik, etorkinak ere baditugu herrian eta horiei ere eskaini nahi diegu Aisa izeneko programa", dio Alex Labaienek, Bergarako euskaltegiko irakasleak. Arrasateko Udal Euskaltegian ere erakusten diete euskara etorkinei. "Azken bizpahiru urte hauetan, ume etorkinei zuzendutako eskolak ematen ditugu", dio Amaia Aranak. Leintz euskaltegian ere dagoeneko eman dute izena etorkin batzuek. "Taldea sortzen ez bada ere, beste ikasleekin batera sartuko ditugu eta errefortzua emango diegu, orain arte moduan", azaldu du Karmele Agirregabiria zuzendariak.

Euskalkia ikasten

"Hemen ere ikasle asko 40 urtetik gorakoak dira. Gazteak etortzen dira EGA edo bestelako tituluak ateratzeko edo baita euskalkia ikastera ere", zehaztu du Amaia Aranak, Arrasateko Udal Euskaltegiko irakasleak. Bergarako Udal Euskaltegian ere bertako euskara lantzeko ikastaroak emango dituzte Udaleko Euskara Zerbitzuak lagunduta. Horrez gain, egokitutako ikastaroak eta internet bidez etxetik ikasi ahal izateko aukerak ere eskaintzen dituzte Bergaran. Arrasaten ere badituzte ordenagailuak eta Leintz euskaltegietan datorren urtean jarriko dituzte.

Dirulaguntzak matrikularako

Udal euskaltegietako matrikula ordaintzeko dirulaguntzak ere badaude. Adibidez, izena ematen duten ikasle guztien artean matrikula bat zozketatuko dute. Bergaran, gainera, beste matrikula bat zozketatuko dute bertako ikasleen artean. Horrez gain, eskolen %85era joanda, matrikulako zenbateko bat itzultzen dute ikasturte bukaeran eta bekak ere ematen dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak