Egunero 2.000 bisitatik gora izaten ditu 'Goiena.net'-ek

EduMendibil 2006ko mar. 31a, 19:13
Debagoiendarren topalekua izatea da 'Goiena.net'-en helburuetako bat. Mugaz bestalde ere irakurtzen da 'Goiena.net': AEBak, Mexiko, Argentina, Venezuela edota Txile, besteak beste.

Azaroan hiru urte beteko dira Goiena.net ataria martxan jarri zenetik. Goiena.net-eko Usoa Agirre, Maider Arregi eta Iban Arantzabalek emandako datuen arabera, gaur egun, batez beste, 2.000 bisitatik gora izaten ditu Goiena.net-ek egunean. Astean zehar izaten dira bisita gehienak. Eta erabiltzale finak dituela adierazi digute telematikariek.

GOIENAko kazetariek idazten dituzte notiziak. Telebista, prentsa, irrati eta telematikako 15 bat kazetarik sartzen dituzte albisteak Goiena.net-en.

Parte-hartzea bultzatu

Era berean, parte hartzeko beste zenbait aukera ere ematen du Goiena.net-ek. Albisteak edozeinek bidal ditzake Goiena.net-era; gero, Goiena.net-eko editoreak ikusi eta argitaratzen ditu. Albisteetan erantzuteko edo ekarpenik egiteko aukera ere badago, betiere lehenago Goiena.net-en izena emanez gero. Eztabaidak ere badaude, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Blogak dira parte-hartzearen arrakastaren beste adierazle bat.

Maider Arregik azpimarratzen duenez, "nik esango nuke gertutasuna, parte-hartzea eta euskara direla Goiena.net-en indarguneak. Debagoiendarren topalekua da. Herri bakoitzeko albisteak jaso, blogak irakurri eta iritzia eman... Eta hori guztia euskaraz".

Irakurle mota eta mugarik ez

Irakurle mota zein den definitzea zaila da. Hala ere, pistaren bat ematen du Usoa Agirrek: "Ez dugu ikusten pantailaren beste aldean zein dagoen, baina hori bai, ordutegiak erakusten digu ikasleak eta ordenagailu aurreko langileak direla gehienak. Askoz gehiago ezin jakin".

Interneten abantailetako bat mugak gainditzea da: "Badakigu gure mugez bestalde daudenek ere irakurtzen dutela Goiena.net. Seguruenez kanpoan dauden debagoiendarrak izango dira, baina ezin jakin. AEBak, Mexiko, Argentina, Venezuela, Txile, Amsterdam eta Europako beste hainbat herrialdetatik sartzen dira egunero Goiena.net-en. Hori ziurtatu dezakegu", dio Iban Arantzabal editoreak.

Maiatz inguruan Goiena.net-en diseinua aldatuko dute. Horrekin batera, beste hainbat informazio eskainiko da, telebista ikusteko aukera tartean. GOITBko albiste aurrerapena ikusi ahal izango da laster Goiena.net-en. Blogei emango zaie aparteko garrantzia, bestalde.

Blog komunitatea

Bestalde, urtebete pasatxo da Debagoieneko blog komunitatea abian jarri zenetik: dagoeneko 35 blog pertsonal eta beste hainbat komertzial dira blogen atarian. "Blogen boom-ari esker euskara inoiz baino gehiago ikusten da sarean. Denetariko blogak daude, aukera oso zabala dago. Hori, gaur egun, euskaraz ere egin daiteke. Dendariek, berriz, Interneten egoteko modu erraz eta merkea bilatzen dute eta blog komertzialek ematen diete aukera. Erraza da kudeatzea eta informatikaz ezer jakin gabe nork bere negozioaren berri eman dezake Interneten. Bezeroarekin komunikatzeko ere balio du. Garrantzi handiagoa eman nahi diegu blogei, eta euren esparru propioa izan dezatela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak