Grebak eragin ezberdina izan du ibarreko herrietan

Goiena 2006ko mar. 9a, 17:10

Greba eta mobilizazioak izan dira gaur ibarrean. Herri bakoitzean greba deialdia desberdina izan da. Toki batzuetan egun osoko greba egin dute, beste batzuetan ordu batzuetako itxierak izan dira. Besteren batean, ordea, ez dute grebarekin bat egin.

Greba egiteaz gain, manifestazioak ere egin dira eguerdian zenbait herritan. LABen arabera, Bergaran 500-600 lagun inguruk parte hartu du eta Arrasaten, berriz, 1.500 inguruk. Arratsaldeko 19:00etarako deitu dute manifestazioa.

Hezkuntza

Hezkuntzan greba egin dute goi mailetako ikasle gehienek. Hala egin dute Arrasateko eta Bergarako institutuetan eta Lanbide Heziketako eskoletan. Mondragon Unibertsitatean ere kalera atera dira ikasleak. Beheko mailetan, berriz, normaltasunez jardun dute, esaterako Arrasateko Arizmendi ikastolan eta Bergarako Aranzadi ikastolan.

Irakasleei eta eskoletako bestelako langileei dagokienez, berriz, lanean ibili dira gehienak.

Lantegietan

Lantegiei dagokienez, denetarik izan da. Fagorren bertan, Fagor Ederlanen eta Fagor Arrasaten langileak kalera irten dira. Ez ordea, Fagor Etxetresna Elektrikoak Gasteizen, Eskoriatzan, Garagartzan eta Oñatin dituen lantegietan. Ezta ere Fagor Automationen.

Lantegi handiekin segituz, Oñatin, Ulmak dituen zazpi negozioetatik bitan egin dute greba. Antzuolan, Elayn ezezkoa nagusitu da bozketan. Bergaran, berriz, Candyn ordubeteko lanuztea egin dute goizean eta Geyserren bozketan greba atera den arren, langileen %30 baino gehiago joan da lanera. Aretxabaletari dagokionez, esaterako, Coprecin greba egin dute.

Lantegi txikiei begiratuta, berriz, lanuzte partzialak nagusitu dira. Bestelako askotan, lanean izan dira beharginak.

GOIENAko langileek ere bi orduko lanuztea egin dute (11:00-13:00).

Saltokiak itxita

Saltoki eta tabernei dagokienez, Arrasaten itxita egon dira ia guztiak, egun osoan. Bergaran, berriz, eguerdian eta iluntzean itxiko dituzte.

Piketeen eragina: pesa

Bestalde, esan beharra dago istilu aipagarririk ez dela gertatu. Halaxe adierazi digu Herrizaingo Sailak. Hori bai, aipatu beharra dago PESA autobus zerbitzuak Arrasaten duen egoitzan 25 autobusi egin diotela eraso; besteak beste, 112 gurpil zulatu dizkiote. Horren ondorioz, goizeko lehen orduko zazpi zerbitzu eten egin behar izan dituzte eta herritar ugari geratu da gure ibarrean lanera iritsi ezinda.

Aretxabaletan, berriz, gazte bat atxilotu du Ertzaintzak. 100 bat lagun kontzentrazioa egiten zebiltzan herriko plazan eguerdian. Une horretan Ertzaintzak identifikatzeko eskatu die bertan zeudenei eta ez dute nahi izan. Orduan, tentsio uneak sortu dira eta gazte bat atxilotu dute. Arrasaten, berriz, pertsona bat identifikatu dute eta ondorioz, pentsatzen dute isunen bat izango duela.

LAB sindikatua oso pozik

"Konponbide demokratikoaren alde, dispertsio politikaren kontra" izan da grebaren leloa. LAB sindikatuak eta Ezker Abertzaleak deitu dute. LABetik GOIENKARIAri adierazitakoaren arabera, oso pozik daude lortutako erantzunarekin: "Kontuan hartuta, greba deialdia guk bakarrik egin dugula, oso balorazio positiboa egiten dugu; oso-oso balorazio ona. Esaterako, Arrasate guztiz itxita dago". Bestalde, Ertzaintzaren jarrera kritikatu gura izan dute LAB sindikatutik.

Eusko Jaurlaritza: "Grebak jarraipen txikia"

Miren Azkarate bozeramaileak adierazi duenez, mobilizazioaren jarraipena %1ekoa izan da Exekutiboan, %0,5ekoa Osakidetzan eta %3 eta 4 bitartekoa Hezkuntzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak