Nikolas Segurola: "Artzaintza galduko den ustea dago, baina Espainiako artzainek guk baino arrazoi gehiago dute beldurtzeko"

Maider Arregi 2005ko ira. 28a, 19:38
Nikolas Segurolak bizitza osoa eskaini dio artzaintzari. Urteen joan-etorriaz jarduera horretan izandako gora-behera guztiak gertutik ikusi ditu. Etorkizuneko artzainak formatzen jarduten du Arantzazuko inguruetan dagoen Artzain Eskolan. Aditua denez, Artzain Munduak antolatutako Munduko Artzainen III. Topaketak zein ondorio atera duen galdetu dio ondorengo elkarrizketan:

Nola joan da topaketa? Zein da zure sentsazioa?

Nik oso ondo joan dela uste dut. Badakit bazegoela beldurra atzera egingo ote genuen aurreko kongresutik, baina aldiz bestera izan da erabat. Azken topaketan elkartu zen jende hirukoitza izan da aurtengoan. Eta bertan izan den giroa ezin hobea izan da.

Zergatik etorri da, zure ustez, lagun gehiago?

Jendea ari da ikusten mesedegarri dela, eta gainera gero eta egarri gehiago dago gure gaiez arduratzeko eta gauzak ondo egiteko; artzaintza ez diru-bide bat bezala hartuz, baizik eta daukagun kultura hori guztia jorratuz eta auto-estimu berria garatuz. Hori oso positiboa da, eta jendea horretaz konturatzen ari da.

Euskal Herriko artzainentzat zer suposatzen du Artzain Munduak antolatu duen ekimen horrek?

Oso positibotzat jotzen dut gauza hauek egitea. Bai kongresu hau, bai feriak, daukaguna azaltzeko gure eskutan dauden baliabide guztiak aprobetxatzea oso pozgarria da gure artzaintza aurrera ateratzeko. Ez dugu dirua irabazten bertan, izan ere, kostua du horrek, baina izango du geroago bere emaitza.

Artzainek topaketan egindako hitzaldietan naturari egindako gehiegizko babesak beren lanbideari kalte egiten diola adierazi zuten. Zer deritzezu iritzi horiei?

Artzainak berez zerbaitxo pesimistak gara; gure kritika gehiena atzerakoia izaten da. Baina, ados nago haiekin, zeren eta herri inguru askotatik bota egin gaituzte. Neurri batean ulertzen dut, jendeak bizi behar duelako, artzainok ere industria behar dugu, esaterako, baina hori konpentsatzeko horren ordezkoa beharko genuke errekonpentsa moduan. Behin baino gehiagotan adierazi diet politikariei ez dudala ulertzen zergatik ez diren utzita dauden baserriak prestatzen eta artzain gazteei ematen, ordezko bezala. Badira gazteak hori hartuko luketenak.

Zergatik ez duzue babesik? Ba al du zerikusirik artzaintzak ekonomian duen pisu txikiak?

Zoritxarrez, eta artzain gehienek esaten dutenez, ez da babesten dirua ematen ez duen ezer. Baina artzaintza ordaindu behar den bezala ordainduko balitz, eta Europatik datozen babesak horren txikiak ez balira, egoera guztiz desberdina izango litzateke, eta Administrazioak gehiago arduratuko lirateke gurekin. Ardia ez da bakarrik gazta lortzeko, gure mendietako lorezainik onena da, eta horretaz konturatuko balira artzaintza salbatuko lukete.

Artzainek azaldu zuten, halaber, beste kezka bat: artzaintza azkenetan zela ondorengotzarik ez zuelako. Ados al zaude baieztapen horrekin?

Askotan entzun duguna da, baina nik ez dut Euskal Herrian horrenbeste ardi inoiz ezagutu. Eta berdin-berdin artzain profesionalen kopurua igo dela pentsatzen dut. Hortik jo beharko du artzaintzak jarraitzekotan, profesionaltasun horretatik. Kongresuan entzundakoaren arabera, artzaintza galduko den beldurra badago. Halere, badirudi Espainiar estatuko herriek arrazoia dutela guk baino beldur gehiago izateko, izan ere, guk bideratu dugu jada artzaintza. Herri horietan, ordea, mugimenduak sortzen ari diren arren, badakite gu baino 20 urte atzerago doazela. Dena den, ametsa hor dago. Gurekin erkatuta oso berandu dabiltza, baina gu ere Iparraldearen aldean oso berandu hasi ginen.

Ahotsak altxa zituzten artzainek kongresuan beren jarduerari etorkizuna emateko elkarrekin indar egingo zuten elkarteak sortzeko beharra zutela adierazteko. Artzain Munduaren Munduko Artzainen III. Topaketa izan daiteke anaitze horren abiapuntu?

Bai, abiapuntua izan daiteke, eta izan behar du. Gisa horretako ekimenek izugarrizko bultzada ematen diote artzain munduari. Beharrezkoa da gure errebindikazioak egiteko denak elkartzea, eta egarri hori nabaria zen oso kongresuan. Baina eskaerak ez doaz aberastasunak lortzeko nahiaren aldetik, inolaz ere, konforme gaude gure txirotasunean, naturarekin lan eginaz, bizimodu gogor hori eramankorrago egin nahi dugu, besterik ez. Ez dugu gehiegi eskatzen, bizitzeko hainbeste bakarrik. Eta gureak bizi dezan, gizarte osoarentzat onuragarri dena, denek elkarrekin egin beharko dugu lana.

Zeintzuk dira Munduko Artzainen III. Topaketatik atera dituzun ondorio nagusienak?

Lehen ondorioa, Euskal Herriko artzaintza ezin dela gehiegi kexatu. Beste herrialdeetako artzainei entzunda beren egoera larriagoa dela nabari da. Horrenbestez, azken urteetan beste herrietan egin ez duten lana gurean egin dugula bistan da. Bigarrena, artzaina bokazioz dela artzain, eta ez aberasteko. Dirua nahi du ardiak zaintzeko, eta, ez alderantziz, jendeak pentsatzen duen moduan. Hirugarrena, aurrera egiteko sentitzen den gogoa. Gehienak pesimistak ziren, baina halere ez dute etsitzen, eta beren lanbidea nola-hala salbatu nahi dute. Laugarrena, espainiarren etsipena; euren nahia eta ezina. Nahi dute artzaintza altxa, baina ez dute modurik ikusten. Bosgarrena, laguntzaren ezinbesteko beharra; bakoitzari ordain diezaiotela tokatzen zaiona. Seigarrena, elkartzeko nahia eta beharra. Zazpigarrena, Kongresuan parte hartu zuten politikarien babesak sortutako zirrara eta piztu zigun itxaropena. Eta azkenik, atzerritik etorritako artzainek adierazi zuten esker ona egindako harrera beroagatik, eta topaketak iraun zituen lau egunetan izan genuen giro ona eta goxoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak