Mondragon Unibertsitateak 2005-2006 ikasturte akademikoa inauguratu du

Goiatz Arana Begiristain 2005ko ira. 19a, 20:58
Mondragon Unibertsitateak 2005-2006 ikasturte akademikoa inauguratu du gaur. Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria eta euskal unibertsitate sareko errektoreak. Zientzia eta teknologia, lana eta eskola izan dituzte hizpide.

Mondragon Unibertsitateak inauguratu du 2005-2006 ikasturtea; euskal unibertsitate sareko lehena izan da ikasturte berriari hasiera ematen. Inaugurazio ekitaldian esku hartu dute, besteak beste, MU-ko errektoreak eta presidenteak; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, MCC-ko presidenteak eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak. Guztiek zientzia eta teknologia berriak, unibertsitatearen eta enpresaren arteko lotura, eta nazioarteko bihurtzeko beharra izan dituzte hizpide.

2005-2006 ikasturtean izango dira titulazio berriak, komunikazioen alorrean, besteak beste. ‘Zuzendariak MU-n’ programa berriaren bitartez, MCC-ko zuzendariek enpresa-ekonomiaren eta zuzendaritza errealitatearen gainekoak azalduko dizkiete ikasleei, euren esperientzietatik abiatuz. Nazioarteko enpresa errealitatea ezagutzeko, bestalde, 35 ikaslek atzerriko enpresetan egin ahal izango dute karrera amaierako proiektua.

2004-2005 ikasturteko datuak

2004-2005 ikasturtean 4.009 ikasle matrikulatu ziren Mondragon Unibertsitatean. Horietatik 3.592 graduko titulazioetan, eta 417 graduatu ondoko eta 3. zikloko titulazioetan. Ikasleen %60ak Goi Eskola Politeknikoan egin zituen ikasketak, %20k Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta gainerako %20ak Enpresa Zientzien Fakultatean.

Enpresa eta ikastetxetan 520 ikaslek egin zituzten praktikak, 490 ikaslek karrera amaierako proiektua egin zuten, eta 500 ikasle baino gehiagok ikasketak eta lana uztartu zituzten.

Eusko Jaurlaritzako Lan Merkatuaren Behategiak 2004-2005 ikasturte hasieran egindako azterlanak agerian utzi du merkatuak positiboki erantzuten diela MU-ko ikasleei: 2001eko promozioko ia ikasle guztiak ari dira lanean, lehen enplegua bilatzen emandako bataz besteko denbora 4 hilabetekoa da, kasuen %83an enplegua bat dator ikasitakoarekin, eta kontratuen % 41 mugagabeak dira.

Ikasturtean barna jarduera garatzeko 30 milioi euro pasako aurrekontua izan zuen unibertsitateak eta 566 lagunek jardun zuten lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak