AHTren kontra kalera aterako dira Ingurumenaren Egunean

A.G. 2005ko mai. 9a, 11:02
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako taldeetako ordezkariak batu ziren zapatuan Angiozarren egindako AHTren inguruko jardunaldian.

Eguna labur geratu zitzaiela aitortu ziguten AHT Gelditu! Elkarlana taldeko kideek. Hala ere, Angiozarren zapatuan egindako jardunaldia oso positiboki baloratu zuten eta aurrera begirako ekintza zerrenda zehaztu dutela adierazi ziguten. "Egutegia ez dugu zehaztu oraindik, baina herrietako taldeetan erabakitzeko konpromisoa hartu dugu eta AHTren kontra lanean jarraitzeko bideak zeintzuk izango diren adostu dugu", adierazi zigun Mila Elortza AHT Gelditu! Elkarlana taldeko kideak.

Ingurumenaren egunean

Hasteko, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperan, ekainaren 4an, informazio mahaiak jartzea adostu dute jardunaldira batutakoek.

Azaldu zigutenez, zerrendatutako ekintza asko herrietan eta taldeetan aztertzekoak dira, "mugimenduak ekintza horiek aurrera eramateko duen ahalmena zein den baloratu behar delako. Horren arabera, urte guztian zehar ekintzak prestatuko ditugu gaia kalean lantzeko eta eragin zuzena jasango dutenak bakarrik ez mobilizatzeko".

Alderdi hori ere jorratu nahi dute AHT Gelditu! Elkarlana taldekoek. Batzarrerako prestatutako txostenak jasotzen duenez, Elkarlanan taldeak beste hainbat ekimenetan ari diren taldeekin aritu nahi du. "Superportuaren inguruan ari direnekin, harrobien inguruan lan egiten dutenekin... Denen artean zer Euskal Herri nahi dugun eztabaidatu beharra dago", zioten antolatzaileek.

Berrogei bat lagun

Zapatuan goiza eta arratsaldea eman zituzten AHT Gelditu! Elkarlana taldeak egindako batzarrera batutako ia berrogei lagunek. Bi txandako topaketa egin zuten. Goizean bertaratutako talde eta kide bakoitzak AHTren kontra orain arte egindako lanaren aurrean duen iritzia plazaratzeko aukera izan zuen. Arratsaldean, berriz, goizekotik ateratako ondorioekin aurrera begirako ekintzak zehaztu zituzten.

Landutako argumentuen artean AHT proiektu elitista dela izan zen nagusia. "Proiektu klasista da eta gutxi batzuek bakarrik erabiliko dutela argi geratu da eztabaidan. Gainera ez du gizartearen garraio arazoa konponduko, ez baitu merkantzien garraioa arinduko errepideetan. Eztabaidan parte hartu dutenetako batzuek hegazkinen erabilerarekin parekatu dute AHTk izango lukeen erabilera".

Eztabaida irekia

Goizean 11etan ekin zioten eztabaidari batzarrera elkartutako kideek. Luze jo zuen lehenengo zatiak; batez ere jende askok nahi izan zuelako bere ikuspegia azaldu. Hortaz, ordu batean barik ordu bietan egin zuten bazkaltzeko etena. Arratsaldeko txandara jende gutxiago geratu zen, baina hala ere, aurrez jarritako asmoak bete zituzten: aurrera begirako ekintza egutegia zehaztu eta lehentasunak ezarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak