Hauteskundeen inguruko mahai ingurua GOITBn

Goiena 2005ko api. 5a, 14:56
Gaur, apirilak 5, Goiena Telebistan hauteskundeen gaineko mahai ingurua egingo dute gaueko 21:00etan.

Mahai inguruan, ondorengo adituek hartuko dute parte: Mikel Irizar, Euskadi Irratiko iritzi emailea, Urko Lopez, Mondragon Unibertsitateko Oñatiko kanpuseko irakaslea eta Xabier Letona, Argia aldizkariko zuzendaria.

Gainera Arrasate Irratian ere eztabaida entzuteko aukera izango da bihar, hilak 6.

ETBko mahai ingurua

Juan Jose Ibarretxe (EAJ/EA), Maria San Gil (PP), Patxi Lopez (PSE/EE) eta Javier Madrazo (EB) lehendakari-gaiek mahai ingurua egin zuten atzo ETBn. Bost gai jorratu zituzten, eta honako hau da hautagaiek esandakoaren laburpena.

Laburpena

1. Estatutu proposamena: Badute euskaldunek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea?

EAJ/EA: "Etorkizuna Euskadin erabaki behar dugu"

EB: "Euskadiko etorkizuna euskaldunek erabaki behar dute".

PSE: "Bai, euskaldunek erabaki behar dute beraien etorkizuna, baina berriro hasi beharra dago, eta adostasun zabala lortu behar da".

PP: "Euskaldunek ezin dute beraien independentzia erabaki".

2. Egoera ekonomikoa eta gizarte politikak

EAJ/EA: "Herri honek aurrera egin du azken urteotan, eta horren adierazle da Espainian baino langabezi gutxiago dagoela Euskal Autonomia Erkidegoan. PSEk eta PPk ez dute Estatutua bete 22 urtean".

EB: "Ezker Batua gobernuan egon denean babes ofizialeko etxebizitza mordoa egin ditugu Euskadin. Prekarietatearen edo behin behinekotasunaren kontra lanean jarraitu behar dugu".

PSE: "Gobernu honek ez du egin politika ekonomikoko eta gizarte politikako planik, eta honen harira esan behar dugu, herri honek Gobernu erreala behar duela".

PP: "Euskadi ondo doa Alderdi Popularrak Espainian agintzen duenetik, baina zure planak (Ibarretxeri) Espainiatik ateratzen bagaitu, zein izango da etorkizuna? Zein izango da gure txanpona? Sabinoa akaso, edo euzkoa, edo juanjoa?".

3. Euskara, kultura eta hezkuntza

EAJ/EA: "Hizkuntza aniztasunaren aldeko apustua egin behar dugu. Europako herrialde aspaldikoena gara, eta gura kultura eta hizkuntza zaindu behar ditugu.". Lan gabe geratu diren irakasleen auzian zera esan zuen Ibarretxek.: "Kanporatutako irakasleek azterketak egin behar dituzte eta azterketa horiek gainditu".

EB: "Hezkuntza publikoaren aldeko apustua egin behar dugu". Madrazok esan zuen bi urte barru euskaraz hitz egingo duela.

PSE: "Berdintasunerako baliagarriak dira gure hizkuntza eta kultura. Benetako irakaskuntza publikoaren aldeko apustua egin behar da, baita unibertsitatean ere".

PP: "Arma erasokor moduan erabiltzen dute abertzaleek euskara eta euskal kultura. Gu ere euskaldunak gara eta hori defenditzeagatik jomugan gaude".

4- Bakegintza eta normalkuntza politikoa

EAJ/EA: "Datozen urteotako helburu nagusiena da bakea lortzea, eta guztion giza eskubideak errespetatzeko ahalegina egin behar dugu". Ibarretxek honako galdera hau egin zien PSE eta PPko hautagaiei:" Nahiz eta zuen ideiekin bat ez etorri, izan al daiteke solidario zuekin?"

EB: "Datorren legegintzaldia bakearena, elkarbizitzarena eta elkarrizketarena izan behar da. ETAri eskatu behar diogu borroka armatua uzteko, eta gobernuari eskatu behar diogu alderdien legea baztertzeko".

PSE: "ETAren jarduna da arazorik larriena. Demokraten arteko elkarlana lortu gura dut nik ETAri aurre egiteko"

PP: "Ez da nahikoa ETAren jarduna gaitzestea, ekintzetara igaro behar dugu. Frankorekin bakea zegoen baina ez askatasuna. Orain ez dago ez bakerik ezta askatasunik ere".

5- Etorkizuneko Gobernua eta koalizioak

EAJ/EA: "PSE/PPk atzera egitea suposatzen du eta hirukoak aurrera egitea. Zuek ez duzue herri honetan sinisten eta hortaz ezin duzue herri hau gobernatu".

EB: "PSE/PP zenbait Udal Gobernutan daude (ezkerraldean eta Araban), eta formula horrek ez du balio. PSEri dei egiten diogu bat egin dezala hirukoarekin eta datozen lau urteotan sar dadila gobernuan".

PSE: "Guk nahi dugun Gobernua da lehendakari sozialista izango duena, eta ideia guztiak batuko dituena. Batuko duen Gobernua nahi dugu, eta ez bananduko duena".

PP: "Euskadik aldaketa behar du eta aldaketa lasaia proposatzen dugu. Hauteskundeak irabazten baditugu PSEri deituko diogu koalizioa egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak