Gestio onarekin Zubillagako hiltegiak aurrera egin dezakeela dio Siadecok

Larraitz Zeberio Lekuona 2005ko ots. 28a, 10:21
Bideragarritasun txostenean Siadecok hiru kudeaketa formula aztertzen ditu. Asteotan bilerak egingo dira proiektu bat landu eta Mankomunitateari aurkezteko.

Hiltegia Bizirik plataformak gaur arratsaldean, astelehena, aurkeztuko du jendaurrean Siadecok bere enkarguz urriaz geroztik Zubillagako hiltegiari buruz egin duen bideragarritasun azterketa. Aurkezpena 18:30ean egingo da Oñatiko institutuan. Baserritar, harakin eta interesa duen guztiendako zabalik dago.

Hiltegia bideragarria da

Txostenak jasotzen du gestio on batekin Zubillagako hiltegiak bere jarduerarekin aurrera egin dezakeela eta etorkizunerako hiru kudeaketa formula planteatzen ditu: zerbitzu publikoa izaten jarraitzea, kudeaketa mistoko formula hautatzea edo ustiapen guztiz pribatua ematea. Gutxieneko baldintza batzuk betez gero, hirurak jotzen ditu jasangarritzat Hiltegia Bizirik plataformak. Hiltegia ixteak eragingo dituen kalteak ere jasotzen ditu egindako azterketak.

"Oñatiko hiltegiak dituen ondorio ekonomikoez jabetzeko balioko du txosten honek", adierazten du Hiltegia Bizirik plataformako Mari Karmen Iturbek. "Azterketa hau abiapuntua da, sektoreak bizi duen egoera jasotzen duelako eta hiltegiaren itxierak gizarteari ekar diezazkiokeen kalteak aztertu dituelako".

Iturberen esanetan, baserritarrek, harakinek, hiltegiko langileek eta udal arduradunek ezagutu beharreko txostena da. Aurrerantzean, etorkizunerako proiektu egokiena adostu eta gauzatu ahal izateko ezinbesteko tresna izango delakoan dago.

Kaltetuen iritziak

Hiltegia Birizik plataforma, beraz, lan fase berri batean murgilduta dabil. Datozen asteotan eztabaida talde txikiak antolatuko dituzte sektore ezberdinen iritziak jasotzeko. Siadecok, hala ere, kaltetuen iritziak jaso ditu inkesta bidez. Baserritar eta harakinei galdetu zaie hiltegiaren itxierak zein eragin izango lukeen euren jardunean eta kudeaketa mistoko formula batean ea diruz laguntzeko prest leudeken. "Iritzi horiek ezagutzea oso garrantzitsua da guretzat", adierazten du plataformako kideak. "Proposamen bat egin behar diogu Mankomunitateari apiril amaierarako eta badakigu zein irizpide jarraitu".

Plataformak, bestalde, argi dauka hiltegiaren itxierak inguruko udalerri asko kaltetuko dituela. "Haiekin ere elkartuko gara irtenbide bat adosteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak