Merezi du! Euskararen aldeko sentiberatze kanpaina

Maider Arregi 2005ko urt. 31a, 17:10
Bergarako Udaleko Euskara Batzordeak, Jardun Euskara Elkarteak, Udal Euskaltegiak eta Akulu AEK euskaltegiak sentiberatze kanpaina bat antolatu dute. Horren berri emateko prentsaurrekoa eman zuten 2005eko urtarrilaren 19an.

Kanpainaren helburuak

Kanpainaren helburuak

Gogoratuko duzuen bezala, aipatutako lau erakundeek osatutako lantalde honek aurretik ere, 2004ko irailean, egin zuen beste kanpainatxo bat helburu bertsuekin, eta orduan gutunak bidali zizkieten merkatariei, eskoletako umeen (16 urtetik beherakoen) gurasoei eta Jarduneko bazkideei, euskararen erabileran eragile izan daitezkeela uste zutelako.

Lantalde honek 2004aren hasieratik dihardu elkarlanean, Bergarako Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onartu zuenean, udalerriko euskalduntze-alfabetatzea bultzatzea ere helburuen artean onartu baitzuen.

Lantalde honen helburu nagusiak hauek dira, besteak beste:

  • herritarrak euskara ikastera edota dakitena hobetzera animatzea
  • dakitenak berba egitera animatzea
  • eta ikas-prozesuak eta erabiltze-prozesuak uztartzea.

Diptikoa

Oraingoan, diptiko bat prestatu dugu eta herriko buzoi guztietan banatuko da. Diptikoan euskaltegietako ikasle eta ikasle ohi batzuk agertzen dira eta guztiek adierazten dute euren ustez merezi duela euskara ikastea, eta bakoitzak bere arrazoi nagusi batzuk aipatzen ditu.

Eta, bide batez, euskara ikasteko, dakitenak hobetzeko edota erabiltzeko zenbait aukera eskaintzen dituzten erakundeekin harremanetan jartzeko informazioa (telefono zenbakia, helbidea...) ematen da.

Zer egin euskera bultzatzeko

  • Herriko bi euskaltegietan ikasi edo hobetu liteke.

  • Jardun euskara elkarteak antolatutako ekintzetan (ikastaroak, hitzaldiak, emanaldiak, ibilaldiak) parte hartuta euskaraz jarduteko aukera zabala eskaintzen du. Gainera, Jardunek dohaineko eskaintza egingo die euskaltegiko ikasle guztiei, hau da, euskaltegietan matrikulatutakoek ez dute ezer ordaindu beharko Jardunek antolatutako ikastaroetan parte hartzearren.
  • Udaleko Euskara Zerbitzuak beste zenbait laguntza eskaintzen ditu: euskara ikasteko diru-laguntzak, bertako euskara zuzentzeko eta aberasteko ikastarotxoak, merkatarientzako kartelak,...

Laguntzen inguruko informazio osagarria Udalaren web gunean topa dezakezue: http://www.bergara.es/Udala/Antolaketa/Euskara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak