Podiuma ez, baina inoiz baino azkarrago Ritxar Fernandez

Xabier Urtzelai 2004ko aza. 15a, 10:20
Lasterkari oñatiarrak sasoi betean zegoela erakutsi zuen laugarren postuan sailkatuta (1:01:39). Alberto Juzgado izan da aurten ere azkarrena (1:00:41). Bost aldiz irabazi du lasterkari madrildarrak .

Hogeita hemezortzi urte izanda ere, Alberto Juzgado madrildarrak erakutsi du, beste behin, gutxi batzuen esku dagoela korrika bere parean egitea.

Eta horren berri ondo dakite Driss Lakhouajak, Roger Rocak, Ritxar Fernandezek eta Israel Reyek. Erritmo bizian hasi zuten lasterketa; lehenengo kilometroak egin orduko, baina, bost lasterkari horiek gainontzeko guztiak atzean utzi eta euren arteko zeingehiagoka hasi zuten. Atzeko taldean zetorren Asier Urdanpilleta; Oñatikoak argi zeukan aurrealdeko taldekoekin lehiatzea arriskutsua zela, eta hobe zuela bere erritmoan joan.

Gaintxurizketako maldek erabaki zuten lasterketa

Zazpigarren kilometro inguruan hasi ziren Gaintxurizketara igotzen, eta orduan geratu zen argi lasterkari guztien artean nor zegoen indartsuen. Alberto Juzgadoren lehiakideak atzean geratu ziren, eta madrildarrak aurrera egin zuen bakarrik. Handik aurrera, inor ez zen madrildarra estutzeko gauza izan; hori bai, Bulebarreko azken metroetan madrildarrak sprinta egin behar izan zuen, metro gutxira zetorren-eta Driss Lakhouaja. Lasterketa amaitu eta berba egiteko gauza zenean komentatu zizkigun Alberto Juzgadok 20 kilometroetan bizitakoak: “Hasieran kosta egin zait berotzea, baina nire erritmoan hasi naizenean, eroso ibili naiz. Gainontzeko korrikalariak ez ziren makalak, eta bosgarren urtez proba hori irabaztea oso pozgarria izan da”.

Lasterketa irabazteaz gain, Albertoren helburua zen, 1996an egin zuen moduan, ordubetetik beherako denbora egitea: “Gutxigatik ez dut lortu; Miracruzera igotzen konturatu naiz gaitza izango zela, aurreko edizioekin alderatuta minutu bateko atzerapena neraman-eta. Azkeneko kilometroetan saiatu naiz denbora tarte hori errekuperatzen, eta 30 segundoko aldea txikitu dut, baina ez da nahikoa izan. Hala ere, oso gustura geratu naiz, ordu eta minutu bat baino gutxiagoko denbora egitea oso gaitza delako, eta oso ondo prestatuta egon behar duzulako”. Hurrengo helburuen gainean ere galdetu genion madrildarrari, eta laster egingo duten Donostiako Maratoia dauka buruan.

Alberto Juzgadoren atzetik iritsi zen Driss Lakhouaja marokoarra, eta podiumeko hirugarren koska Roger Roca kataluniarrak bete zuen. Gertu izan zuen postu hori Ritxar Fernandezek; oñatiarrak azken momentura arte amore eman ez bazuen ere, kataluniarra gehiago izan zen. Lasterketa aurretik bagenekien oñatiarra sasoi betean zegoela, eta bere marka bi minutuan hobetuta erakutsi zuen hori (1:01:39).

Asier Urdanpilleta izan zen hurrengo euskalduna. Proba aurretik izan ginen berarekin, eta helburu bakarra marka hobetzea zuela esan zigun; minutu bat eta hogei segundo gutxiago behar izan zituen atzo proba egiteko (1:04:15). Hamabigarren postuan helmugaratu zen: “Oso gustura geratu naiz. Horrelako marka egiteko hasiera-hasieratik erritmo bizian egin behar da korrika, eta aurreko taldearekin joaterik izan ez badut ere, neure erritmoan ondo moldatu naiz”.

Emakumeak

Emakumeei dagokienez, Wahby Kenza marokoarrak lortu zuen bere herrikideak lortu ez zuena: lehenengo postuan helmugaratzea, alegia (1:11:15). Bi minutura iritsi zen Alma de las Heras, eta hirugarrena izan zen Olaberriko Amaia Intsausti (1:15:11).

Eguraldi hotza

Egiten zuen hotzak ez zuen lasai egoteko tarterik uzten, eta lehenengo helmugaratu zirenek berehala alde egin zuten. Orduan hasi ziren iristen milaka korrikalari, gehienak erlojuari begira. Debagoieneko lagun askorekin izan ginen berbetan, eta aipatzekoa da askok ordu eta erdi baino gutxiago egin dutela; bistan da korrikalariak gero eta gehiago prestatzen direla. Eguraldiari dagokionez, eguzkiak lagundu zuen hotzari aurre egiten. Izan ere, proba hasi aurretik termometroak hiru gradu erakusten zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak