Aspaceko kideek egindako otarrak salduko ditu Eroskik

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko ira. 6a, 13:07
Aspace elkartekoek otargintzan egiten dute lan. Laster Eroskin salduko dituzte euren otarrak.

Aspacek, Garun-perlesiaren Elkarteak, hainbat urte daramatza otargintzaren proiektuarekin Gipuzkoan. Elkarteak Bergaran duen eguneko zentroak –Deba arro osorako zerbitzua ematen duenak– 1989an ekin zion otargintzari.

Proiektuaren helburua da garun-paralisia duten pertsonak lan mundura hurbiltzea. Arduradunen esanetan, “oso mugatua da halako pertsonek lan munduan sartzeko duten aukera. Horrexegatik ekin genien hau bezalako proiektuei, garun-elbarriek lana izateko, eguneroko zeregina izateko. Zeregite erreala izan zezaten nahi genuen, hau da, lana moduan ezagutzen den horretara ahalik eta gehien hurbiltzea, azken batean”.

Lan jarduna beste edozein lantegitan bezalakoa da: astelehenetik egubakoitzera egiten dute lan, egunean hiru orduz, eta otar bakoitza egiteko bost urrats dituzte. Hala, bakoitza ondoen egokitzen zaion urratsaz arduratzen da, lanerako dituzten muga fisikoak kontuan izanda.

Gutxi gorabehera, bandeja edo otar txiki bat egiteko ordu bat behar izaten dute, baina arropa zikinarendako otzara handi bat egiteko, 15 egun inguru. Gero, saldu egiten dute hori guztia.

Eroski eta euskadiko kutxa, bezero nagusiak

Aspaceko otargintza proiektuak dituen bezero nagusiak Eroski eta Euskadiko Kutxa dira. Hala, horien eskarira egokitzen dituzte otar modeloak. Eroskiren kasuan, irailaren 27tik urriaren 27ra bitartean egingo duten kanpainaren barruan, saldu egingo dituzte Aspaceko langileek egindako otarrak. Orain bi urte jaso zuen Aspacek Eroskiren eskari hori, eta ordutik buru-belarri jardun dute askotariko otarrak egiten. Gainera, Estatu osoko 40 Eroski dendatan salduko dira.

Horrez gain, zuzeneko salmenta ere badute Bergarako egoitzan, eta inguruko herrietako azoketara ere joaten dira.

Bergarako Aspaceko arduradunen esanetan, pentsaezina da irabaziak izatea lan horretan: “Goiz osoa behar dugu otar bat egiteko; atera hortik kontuak. Dena den, ateratzen dugun diru apurra fondo komun batean sartzen dugu, eta langile bakoitzak 24 euro jasotzen ditu handik hilero, hamalau ordainsaritan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak