EHNA ibar osoan tramitatzeko aukera izango da asteburuan

Leire Kortabarria 2003ko abe. 12a, 19:57
EHNA eguna deitu du Bai Euskal Herriari mugimenduak hilaren 13an eta 14an, zapatua eta domeka. Egun horietan, Debagoieneko herri guztietan egongo da Euskal Herriko Naziotasun Aitorpenaren agiria egiteko aukera.

Orain artean 1.300 agiritik gora

Bai Euskal Herriari taldeen arabera, ibarrean 1.300 agiritik gora tramitatu dira, gehienak Bergaran eta Arrasaten. Bergaran 600 EHNA egin ziren; Arrasaten, aurtengo urriaren 12an, EHNA eguna ospatu zuten, eta egun horretan 700 lagunek eskatu zuten agiria.

EHNA tramitatzeko bulego egonkor bakarra Bergaran egon zen, iazko urritik aurtengo uda parteraino. Gainerakoetan, kasu batzuetan –Arrasate, Antzuola edo Eskoriatzaren kasuak– udalak tramitatu zituen epe batez, edo tramitazioa abian jartzea onartu zuen osoko bilkuran.

Baina, udal hauteskundeetatik hona, erabaki horiek suspenditzea agindu zuen EAEko Goi Auzitegiak, eta udaletan hutsune legala sortu zen: teorian, beste osoko bilkura batek erabakia atzera bota arte, neurri horrek indarrean segitzen du, baina praktikan, ordutik hona ez da EHNA egiteko aukerarik izan udalen aldetik.

Bai Euskal Herriari mugimenduaren helburua, hain zuzen, EHNA herri guztietan tramitatzeko aukera eskaintzea da, bai udaletxean, bai horretarako apropos bulego bat egokituta.

Euskal Herriko Naziotasun Aitorpena da EHNA, eta erabiltzaileak euskal herritarra dela aitortzen du agiri horren bitartez. Berau lortzeko, hiru argazki, udaletxean eskatu beharreko errolda zertifikatua eta 15 euro behar dira. Adin txikikoek familia liburuaren kopia bat eraman beharko dute.

Alderdien iritziak

Agiri horren inguruan denetariko iritziak daude.

EHNAren aldeko mugimendua ez da berria, baina bai aldaketa handiak izan dituena. Lizarra-Garaziko itunaren garaian jaio zen EHNA, eta ekimenaren inguruan alderdi gehiagoren adostasuna zegoen.

Gaur egun, gauzak aldatu egin dira. EAJk nabarmentzen duenez, "herriaren eskaera bat da eta entzun egin behar zaio; baina kontua da EHNAk ez duela balio legalik". EAk ekimen horren "alde bakartasuna" azpimarratzen du: "Gure ustez, euskal hiritartasuna aitortzeko agiri bat bultzatzea, berez, ez da txarra, nazio eraikuntzarako, baina ez alde bakarreko ekimenek bultzatuta".

Azkenik, Aralar alderdiak antzeko iritzia plazaratzen du: "EHNAri baietza ematea da interes partidista batzuei babesa ematea. EHNA interesgarria da, baldin eta Euskal Herriko erakunde nazional bateratu batek egiten badu; egun, ez dira baldintza horiek ematen".

Herriz herri:

  • Antzuola:udaletxean, hilaren 14an, 11:00-13:00 eta 18:30-20:30.
  • Aramaio: udaletxean, hilaren 14an, 11:00etatik 14:00etara.
  • Aretxabaleta: udaletxe zaharrean, abenduak 14, 12:00etan. Ikurrinari omenaldia.
  • Arrasate: Monterronen egongo dira, hilaren 13an, 10:00-13:00.
  • Bergara:udaletxean egongo dira, abenduaren 13an, egun osoan zehar.
  • Elgeta:udaletxean egongo dira hilaren 13ko arratsaldean eta 14ko goizean.
  • Eskoriatza: udaletxean egingo dute, orain arte bezala, hilaren 14an, 12:00-14:00 eta 17:00-20:00. Hainbat ospakizun egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak