Datorren urteko Kilometroak jaia aurkeztuko dute egubakoitzean, pilotalekuan

Idoia Aranbarri Arzuaga

Jakina da 2027ko Kilometroak jaia Bergaran egingo dela, eta horren aurkezpen-ekitaldia egingo dute gaur, Bergarako udal pilotalekuan, 19:00etan. Kilometroen helburu sozialak eta ekonomikoak azalduko dituzte, baita leloa, logotipoa eta egitasmoaren lau bozeramaileak nortzuk izango diren ere.

Ikuskizun formatua izango du aurkezpenak, eta musika, poesia, dantza eta aldarrikapena uztartuko dituzte. Sorpresak ere iragarri dituzte antolatzaileek.

Arropa eskuratzeko aukera

Kilometroen arropa eta osagarrien bildumak ere ezagutaraziko dituzte. Oinarrizko bilduma eta udaberrikoa aurkeztuko dituzte, eta, aurkezpen-ekitaldia amaitutakoan, pilotalekuan bertan jarriko dute denda. Bihartik aurrera, berriz, Bergarako erdigunean izango da arropa erosteko aukera, Zaiazko denda zegoen lokalean.

Dendak ordutegi berezia izango du azaroaren 30etik abenduaren 5era: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:00etara. Ondoren, ohiko ordutegira bueltatuko da: ostegunetan eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 09:20tik 13:00etara. Eskarien arabera, ordutegia moldatu egingo dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak