Enrike Txurruka Bergarako Musika Bandako zuzendariak azaldu duenez, kalejirarekin hasiko dute eguna, eta Alfredo Gonzalez Chirlaqueren Oilagorra elkartearen martxa joko dute. Hauxe dio Txurrukak: "Gonzalez aita-semeei esker, aukera zabala daukagu Bergarako martxa propioak jotzeko orduan".
Ondoren, 12:30ean, kontzertua emango dute frontoian. Ohikoa den moduan, estilo eta garai askotariko piezak aukeratu dituzte. "Estiloz eta sasoiz askotarikoa izan dadin saiatzen gara. Gainera, musikarien zaindariaren eguneko kontzertua izanda, zailtasun bereziko piezaren batzuk jotzen ere saiatzen gara", adierazi du Txurrukak.
M. Morales Martinezen Las arenas pasodoblearekin hasiko dute emanaldia. Ondoren, F. Von Supperen Galatea ederra operetaren obertura eta F.A. Barbieriren El barberillo de Lavapiés zarzuelaren fantasia joko dituzte. Txurrukak azaldu duenez, "entzuterakoan pieza horiek sinpleak diruditen arren, oso zailak dira jotzeko, pasarte azkarrak eta tonalitate zein erritmo aldaketa ugari dituztelako".
Gaur egungo musikara ere egingo dute salto, J. Van der Roosten Jubilus piezarekin. Kontzertua amaitzeko, Egan erromeria-taldearen doinu ezagunak biltzen dituen Egan lana estreinatuko dute; azken hori Txurrukak egindako moldaketa da. "Oraingoan ere gogor egin du lan bandak entseguetan", azpimarratu du zuzendariak. Kontzertuaren ostean, bandako kideek bazkaria egingo dute Santa Zezilia Eguna ospatzeko.
Bandaren grabazioak, Spotifyn
Bestalde, Bergarako Musika Bandak grabatutako diskoak Spotify plataforman jarri dituzte entzungai aste honetan. Bergarako martxen bi CDak eta bandaren 175. urteurrenaren harira grabatutako diskoa dira. Disko horretan Miguel Gonzalez Bastidaren Campo de Rosas, Mendia eta Itxasoa, El metronomo de Maelzel, Ezpata dantza, San Martzial eta San Martin obrak daude; baita Alfredo Gonzalez Chirlaqueren 1832 ere .
Bergarako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eman zuen joan den zapatuan, Mariaren Lagundiko elizan. Ikus-entzuleek lepo bete zuten eliza. Horrez gain, atzo, eguena, Bergarako Musika Eskolako ikasleek kalejira eta txokolate-jana egin zuten.