Pasahitz sistema baten bidez zabalduko da Oxirondoko Txiki Txokoa aurrerantzean

Idoia Aranbarri Arzuaga

Azaroaren hasieran itxi zuten Bergarako Txiki Txokoa erabilera desegokiengatik, arazoari irtenbidea aurkitu bitartean. Udalak aurreratu du pasahitz sistema baten bidez zabalduko dela gunea. Oraindik itxita badago ere, erabiltzaileek dagoeneko egin dezakete pasahitz eskaera.

Bergarako Txiki Txokoak itxita jarraitzen du, baina Udalak erabaki du pasahitz sistema bidez zabalduko dela gunea. Ateak ireki aurretik pasahitza eskuratzeko izen-emate epea zabaldu dute, eta behin eskaerak jaso eta sistema antolatuta, espazioa "laster" zabaltzea da asmoa, "datozen egunetan zehaztuko den data batean. 

Udalaren webguneko galdetegia betetzen duten helduei emango zaie pasahitza, eta horiek Bergaran erroldatuta eta hiru urtetik beherako haurra izan beharko dute. Behin galdetegia beteta, posta elektronikoz bidaliko dute pasahitza. 

Gunearen izaera komunitarioa eta irekia babestea da Udalaren esanetan, erabakiaren helburua: "Txiki Txokoaren filosofiak bere horretan jarraituko du. Herritarren topagunea izaten segituko du. Haurrek euren erritmoan eta inork antolatutako programarik gabe jolasteko espazioa, eta guraso zein zaintzaileek elkar ezagutzeko, solasean aritzeko eta seme-alabak elkarrekin hazten ikusteko lekua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak