Nola joan zen garatzen zure sexu-identitatea?
Egia da gure errealitateak badituela ezaugarri batzuk ZIS* jaiotzeak ez dakarrenak, baina sexu-identitatea* ez da garatzen. Guk ez dugu aukeratu nola jaiotzen garen edo nola garatuko den gure bizitza. Ez du inork aukeratzen. Entzuten dugu batzuetan bat emakume edo gizon bihurtu dela, baina ez da horrela. Bat ez da bihurtzen emakume edo gizon, bat ez da bihurtzen homosexual… bat jaio egiten da.
Zelakoa izan zen zure haurtzaroa?
Ez genuen informaziorik, ez nik, ez nire ingurukoek. Zerbait adierazten nuen aldiko erantzuna hauxe zen: "Hau etapa bat da" edo "pasatuko zaizu". 12 urte nituen lehen aldiz transexualitate hitza entzun nuenean. Irratsaio batean entzun nuen. Ordura arte, martziano hutsa sentitu nintzen. Ez nuen ezagutzen ni moduko beste inor. Txoroa nintzela esaten zidaten, eta sinistuta nengoen horrela zela. Aldiz, irratsaio hura entzun nuenean dena aldatu zen. Gogoan dut amamaren etxeko komunean giltzapetu eta irratira deitu nuela. Galdetu zidaten ea zuzenean berba egin nahi nuen, eta esan nien ezetz, baina eskerrak eman nahi nizkiela testigantza ematera joandakoei. Kasu hartan, bi emakume ziren, ez zegoen gizonik baina berdin zion. Pentsatu nuen trans emakumeak existitzen baziren trans gizonezkoak ere egongo zirela, eta indarra eman zidan horrek.
Orduan hasi zinen informazio bila?
Ez pentsa... Oraindik ere nigan pisu handia zuten behin eta berriz jasotako mezuek: "Ez kontatu hori kalean", "ez kontatu inori"… Larruazalak memoria duela esaten dute, ezta? Bada, horrelako zerbait gertatzen da mota horretako mezuekin ere. Ematen du ezetz, baina norberarengan eragina izaten jarraitzen dute luzaroan.
"Gurea ez da kapritxoa; Ez da batere erraza gizartearen aurrean trans moduan aurkeztea. jarrera oker asko jasotzen ditugu"
Etxean errazagoa izan zen?
Ez. Etxekoentzat kontu hau guztia oso beldurgarria zen. Orduko gizartean kalera ateratzea hau izanez eta esanez nekeza zen. Beldur ziren zer egingo zidaten, kalean nola tratatuko ninduten… Ezin ziren une oro nire ondoan egon ni babesteko. Imajinatzen dut inpotentzia eta beldur handia sentituko zutela.
Bide horretan zer izan da zailena?
Hainbeste egoera egon dira… Haurtzaro-nerabezaroan babes falta izan zen zailena. Katalunian igarotako oporrak ere gogoan ditut. Lagun berriak egiten nituen, eta baliatzen nuen aukera nire buruan naizen moduan aurkezteko. Hermafrodita esaten zidaten eta bateren batek galdetzen zidan ea mutila edo neska nintzen. Hasieran, poztu ere egiten ninduen galderak, baina azaltzen nintzenean edo nire genitalak deskubritzen zituztenean are bitxiagoa iruditzen zitzaien nire nortasuna. Orduan, jarrerak ere aldatu egiten ziren: batzuetan, erasokorragoak izaten ziren, eta, zenbaitetan, lagunkoiagoak. Gaur egun, 43 urte ditut, eta oraindik ere entzun behar izaten ditut horrelako astakeriak eta hitz erasokorrak, ez pentsa...
Noiz abiatu zenuen igarotze-prozesua?
23 urterekin psikologo batekin hasi nintzen. Patologizatuta* zegoen gaia, eta endokrinoarengana joaten hasteko psikologo baten informe bat behar izaten genuen, non agertzen zen genero-identitatearen nahasmendua genuela. 24 bat urterekin hasi nintzen hormona-tratamenduarekin*, eta, handik gutxira, bularreko ebakuntza egiteko aukera izan nuen.
Egun, askeago eta lasaiago sentitzen zara?
Noski. Oso eskertuta nago Errespetuz elkartean ezagututako sexologo eta psikologo taldearekin. Elkartzeko eta hitz egiteko espazio bat eskaini ziguten, eta hura ere oso askatzailea izan zen.
Sareak, hedabideak... jarraitzen dituzu?
Erne nago kolektiboko jendea nondik nora dabilen, zein albiste dituzten... Gainerakoan, nahiko deskonektatuta nago, eta erabaki kontzientea da; izan ere, sufrimendua eragiten dit entzuten eta irakurtzen dudanak. Zentzurik gabeko konflikto asko ikusten ditut.
Uste duzu okerrera egin duela trans kolektiboarekiko giroak?
Giroak orokorrean egin du okerrera. Edozer gauza erabiltzen da besteari eraso egiteko, eta denondako onura izango litzateke behingoz onartzea gizadia askotarikoa dela eta hori ezin dela aldatu. Batzuek diote gurea kapritxo bat dela, protagonismoa bilatzen dugula. Jende asko haserre dago telebistan agertzen garelako, politikan gutaz hitz egiten delako... Gurea ez da kapritxo edo moda bat. Ez da batere erraza gizartearen aurrean jarri eta nork bere burua trans moduan aurkeztea. Erreakzio eta jarrera oker asko jasotzen ditugu, eta ez egun batez, baizik eta bizitza osoan. Ez da kapritxoz egiten.
Trans Legea urrats garrantzitsua izan zen?
Aurrekari bat izan zen, eta aurrekariek ateak zabaltzen dituzte. Ez da guztiz betetzen, eta eguneratu egin beharko da, baina ate batzuk zabaldu ditu, eta hori baikorra da.
"Sufrimendua eragiten didate entzun eta irakurtzen ditudan mezuek; uste dut Zentzurik gabeko konflikto asko daudela gure gizartean"
Zure ustez, elkar ezagutzak ekar dezake elkar ulertzea?
Informazio falta handia egon da, eta dago, baina esango nuke gaur egungo desinformazioa ez dela informaziorik eman ez delako, baizik eta badagoelako jendea informazio hori saboteatzen. TERF* mugimendua, esaterako. Etsai nagusietako bat da. Eliza ere badago, eskuin muturra, eskuina, eskuinean egon beharko lukeen ezkerreko jendea... Ez dakit haiei guztiei nola egin dakiekeen aurre.
Zer esango zenieke trans haurtzaroan daudenei edo haien hezitzaileei?
Uzteko izaten, bidea ez oztopatzeko eta erritmoak errespetatzeko. Pertsona bakoitza mundu bat da. Batzuek txikitatik adieraziko dute sentitzen dutena eta lehenbailehen hasi nahiko dute igarotze-prozesua*. Beste batzuek, ordea, ez. Erritmoak errespetatzea oso garrantzitsua da.