Esnatu gure hizkuntzak har dezan arnas hitzaldia egingo du Ibon Aginaga UEMAko teknikariak astelehenean, azaroak 9, 18:30ean, Irizar jauregian, eta euskararen etorkizunaz hausnartuko dute. Jardun Euskara Elkarteak, Euskal Herrian Euskarazek, Udal Euskaltegiak eta Udalak elkarlanean antolatutako ekintza da.
Hitzaldiarekin, euskarak gaur egun bizi duen egoeraz ohartarazi eta udalerri euskaldunak indartzeko beharra jarri nahi dute mahai gainean. Lehenik, Euskal Herriko eta Bergarako egoera soziolinguistikoaren argazkia egingo dute, azken urteetako bilakaera kontuan hartuta. Horren ondoren, UEMAk prestatutako Lurralde Estrategiaren berri emango dute, udalerri euskaldunak indartzeko proposamenak aztertzeko. Aurrera begirako erronkak ere partekatuko dituzte.
Bergarako udalbatzak urriko ohiko osoko bilkuran onartu zuen UEMAren Esnatu mozioa.