2005eko azaroaren 5ean Antxintxika Kroseko irteera-puntuan batu ziren 150 korrikalariek euripean egin zuten korrika. Orduan, lasterketa Soraluze-Bergara izenarekin izendatu zuten, eta aurrerago hartu zuen antolatzen zuen taldearen izena, Antxintxika. Lehenengo edizio hartan Ekaitz Osa (35.20) eta Lide Totorika (52.55) izan ziren azkarrenak, eta jaioberria zen hitzordu hura hurrengo urtean antolatzeko konpromisoa hartu zuten antolatzaileek. "Hasiera nahiko bitxia izan zen, berez, antolatzaileok triatloiak egiten genituelako", dio Antxintxikako presidente ohi Patxi Torresek. Baina krosaren sorrera hartan badago azalpena, Torresek ondo esan bezala, antolatzaileak triatletak zirelako.
Arrasate Triatloi Taldeak 2001ean antolatu zuen lehenengoz Debagoieneko Triatloia. Urkulun igeri egin, eta Kanpanzarko eta Aramaioko errepideetan itzulia eginda Arrasateko kaleetan amaitzen zen lasterketa hura. Guztira lau edizio antolatu zituzten –2001, 2002, 2003 eta 2005–, eta lasterketa hazten joan zen neurri berean taldea bera ere hazi egin zen. "Arrasateko triatletak alde batetik ibiltzen ziren, eta bergararrak beste alde batetik. Hala, Debagoieneko triatloilariak batzea izan zen helburua, eta orduan sortu zen Antxintxika Triatloi Taldea. Oñatiarrei ere egin genien eskaintza, baina haiek euren talde propioarekin jarraitzea erabaki zuten. Hala, urte haietan taldean 60 bat lagun izango ginen; izan ere, triatloiak bogan zeuden", dio Torresek.
Triatloitik, krosa antolatzera
Debagoieneko Triatloiaren azken edizioa, baina, 2005ekoa izan zen. Antolaketa-lan izugarria eskatzen zuen, eta, gainera, Urkulun igeri egiteko baimena lortzea ezinezko bilakatu zen. "Orduan erabaki genuen Antxintxikatik triatloia antolatzeari utzi eta Soraluze-Bergara lasterketa antolatzea. Azken batean, taldean geratu zitzaigun hutsune bat betetzera etorri zen krosa".
2005eko edizio hartatik lasterketak eten bakarra izan du, pandemiagatik. Eta duela 21 urteko lehenengo lasterketa hartatik izen-ematea, gutxienez, bikoiztu egin da –bihar, 400 laguneko langa gaindituko dute–. "Urteren baten 500 laguneko langa ere gainditu izan dugu. Baina horren gainean askotan egin izan dugu berba. Non dago muga? Izan ere, kontua ez da geroago eta korrikalari gehiago erakartzea, kontua da gure lasterketara datorren korrikalaria ondo zaintzea, hori izan da kros honek hasieratik izan duen helburua", dio lasterketaren antolaketan Patxi Torresi erreleboa hartu dion Eneritz Urrutiak.

Zenbat buru, hainbat aburu
Jose Mari Barrena hastapenetan, Aitor Rementeria urte askoan... Antxintxika Kroseko antolaketa-lanek buru asko izan dituzte urte hauetan, eta azken urteotan ardurak lantaldeetan banatu dituzte. "Urte batzuetan Aitorrek zeukan lasterketaren gaineko jakintza osoa, zer egin behar zen non, eta besteok laguntzeko geunden. Baina, gero, erabaki genuen hobe zela lanak taldeetan banatzea, pertsona bakarrak pisu osoa har ez zezan", dio Torresek. Alde horretatik, Ritxar De Goñik garbi dauka egun non dagoen zailtasuna: "Gaur egun zailena da burua nor izango den erabakitzea, eta azken urteotan Eneritz izan da gure burua. Egia da gutako bakoitzak ondo dakiela tokatzen zaion arloa egiten, baina garrantzitsua da ikuspegi orokorra izango duen pertsona izatea". Urrutiak hartu du hitza: "Ni hasi nintzenean ardurak hartzen bidea oso eginda utzi zidaten, erraztasun handiak eman zizkidaten, eta gero, bakoitza saiatzen da bere ukitua ematen". Eta gaineratu du biharko edizioa berezia izango dela. "Gure aurretik beste lantalde batzuk izan dira eta guztion artean lortu dugu 20. ediziora iristea. Eta bai, aurten zerbait berezia egin nahi izan dugu, ospakizuna ez da lasterketa egunera bakarrik mugatuko, eta egubakoitzerako pare bat ekintza antolatu ditugu [ikus goiko taula]".
Egokitzen joan den lasterketa
Hogei edizio hauetan lasterketa etengabe joan da egokitzen. Ibilbideak Soraluze eta Bergara lotu izan ditu beti, baina irteera eta helmuga ezberdinak izan ditu. Horrenbestez, distantzia ere ez da berbera izan, nahiz eta azken urteotan lortu duten 10.000 metrotan finkatzea. Eta korrikalarien profila ere aldatzen joan da. Garai batean, normalagoa zen krosetan sariak dirutan banatzea –leku batzuetan oraindik egiten da–, eta horrek beste jatorri batzuetako korrikalariak erakartzen zituen. Gogoangarria izan zen, esaterako, 2007an Driss Bensaid eta Aimad Bouziane atleta marokoarrek Fraiskozuriko helmugan egin zuten esprinta –goian–. Gerora, joera izan da sariak oparitan banatzea, eta, horri dagokionez, Antxintxikako hiru lagunek iritzi ezberdinak dituzte. "Nik dagoenetan utziko nuke. Gainera, gure babesle fidel Servimasari esker korrikalariei ematen zaien poltsan benetan erabilgarria den opari bat ematen dugu. Galtzerdi on batzuk, galtzak...", dio Torresek. Urrutiak egingo luke aldaketatxoren bat: "Irabazleei saria dirutan ematea ondo ikusten dut, gutxi bada ere. Beste lasterketa batzuetara joaten garenok badakigu gure poltsikotik zein inbertsio egin behar izaten dugun, eta bada atleta horri laguntzeko modu xume bat".

Hala ere, Antxintxikan garbi dute non dagoen kros horren indarra. "Herri lasterketa bat da, eta 10.000 metro ez da distantzia makala. Horregatik, herri mailako kirolariek ematen diote honi kolorea. Esaterako, Mikel Cresporen lagun eta senitartekoek. Gainera, Bergaran ere kuadrilla askok krosa egin eta ondoren elkarrekin afaltzeko aprobetxatzen dute. Herrian sortzen den giroa ederra da", amaitu du De Goñik.
