Osintxun fusilatutako bost gizonak oroitzeko martxa egingo dute domekan

Koldo Zubia Salas

Iñaki Etxaniz, martitzenean, monolitoan lore-sorta utzi berritan, 1936an eraildako Iñarra anaien senideen begiradapean. 

Urriaren 20an –martitzena–, 90 urte bete ziren faxistek Osintxu eta Mekolalde artean bost gizon fusilatu zituztela. Lore-eskaintza egin zieten egun hartan; asteburuan, Joseba Tapiaren kontzertua eta oroimenezko martxa izango dira.

1936ko urriaren 20an, Osintxuko zazpi gizon atxilotu zituzten faxistek: Ambrosio Agirre, Jose Garaikoetxea, Ricardo Zangitu, Rufino Akizu, Felipe Garmendia eta Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, zehazki. Errepublikanoak izatea leporatu zieten, eta, konfesatzeko aukera izan zuten arren, ez zieten epaiketarik egin; guztiek heriotza-zigorra izango zutela erabakia zuten, aldez aurretik, Montejurrako Tertzioko erreketeek. Presoak exekutatzera eraman aurretik, Osintxuko lantegi bateko jabe zen zinegotziak Garmendia salbatu zuen; beste seiak, eskuak loturik eta binaka, Osintxu eta Mekolalde arteko ingurura eraman zituzten.

Agirrek, Zangiturekin partekatzen zuen soka askatu, eta, iluntasuna baliatuz, ihes egitea lortu zuen; lehenengo, Basalgoko Amutxastegi baserrira, eta gero, Elgetara. Beste bost gizonak fusilatu egin zituzten.

IÑAKI IÑARRA ZARRABE: "Gure etxean, ukitu ez den gai bat izan da. Hemendik igarotzen ginenean amonak kontatzen zigun gertatutakoa, baina gerora jakin genuen zergatia".

MARI CARMEN ZARRABE: "Lehen eta orain, hain da handia mina, ezin da ahaztu. Ez dadila berriz gertatu halakorik, asko izan direlako, gehiegi; eta Euskal Herrian, neurririk gabe".

Ahanzturaren aurkako lana

Martitzenean bete ziren 90 urte Osintxuko bost gizonak fusilatu zituztenetik. Duela 15 urte eman zuten herritarrek gertakaria ahanzturan ez erortzeko lehen pausoa, auzoko sarreran euren omenezko monolitoa jarrita. "Monolitoa jarri zenean, gertaera hura etxeko sukaldeetatik plaza publikora atera zuten herritarrek. Ordutik, urtero-urtero, lore-eskaintza egiten da, eta oroimen-pankarta jartzen da. Bost urtean behin, urtemuga borobilak izanik, ekitaldi berezi batzuk egiten dira; aurten ere egingo dira", esan du antolakuntzako kide Xabier Arregik. Intxorta 1937 Kultur Elkartearen lanari esker, Bergarako Udalaren artxiboan dagoen 1936ko Gerra Bergaran izeneko gerra-liburuan dago Osintxuko gertakaria jasoa. 

Arregik esan duenez, 90 urte igaro arren, "zoritxarrez, gaurkotasun handiko gai" bihurtu dira Espainiako gerrako pasarteak: "Entzuteko moduko oihartzuna egiten dute oraindik. Gertakari konkretua izan zen, baina testuinguru baten adierazgarria, aldi berean. 90 urte geroago, ikusten da munduan gertatzen ari den faxismoaren oldarraldia kontuan hartzekoa dela, eta aurre egin behar diogula. Omenaldi honekin, gure ekarpen xumea egin nahi dugu". Antolakuntzako Xabier Arregi eta Iñaki Etxanizekin batera, martitzenean bertan izan ziren, Tomas Iñarraren senide, Iñaki Iñarra Zarrabe eta Mari Carmen Zarrabe; eta Tomas eta Ildefonso Iñarraren senide Iñaki Iñarra Alberdi. Hirurek azpimarratu zuten horrelako pasarteak gogora ekartzearen garrantzia. "Osintxuarron eskuetan dagoen heinean, oroitza bizirik mantentzen saiatuko gara; gure asmoa horretan jarraitzea da", amaitu zuen Arregik. 

IÑAKI IÑARRA ALBERDI: "Oso gogorra eta bidegabea izan zen. Ez zuten inolako errurik, eta lanean ari zirela atxilotu zituzten. Garrantzitsua da hori gogora ekartzea".

XABIER ARREGI: "Urriaren 20a bost lagun haien oroitzarako egun izateko bidean, eguna plazara ekarri eta gune honekin lotutako ekitaldiak antolatzea izango da gure lana".

Egitaraua

Urriak 24, zapatua

• Joseba Tapiaren Agur Intxorta Maite kontzertua, Txuringo kulturgunean, 20:00ean.

Urriak 25, domeka

• Osintxuko bost gizonen oroimenezko martxa; Osintxuko plazatik monolitora., 12:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak