Oporraldiaren ostean, ikasturte berriari ekiteko gogoz dago Kukubaso Elkartea. Hori dela eta, bi hitzordu iragarri dituzte dagoeneko. Urriaren 17an izango da lehena, izan ere, Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean taldeak Debagoieneko herri guztietan deitu duen erreka garbiketarako auzolanera batzeko deia luzatu dute. "Ekimen honek, gure errekak ezagutzeaz gain, herrikideen artean elkarrezagutza sustatzea eta Debagoienako naturaz gozatzea du helburu. Bailarako herri gehienetan data berean egiten da, eta hala egingo dugu aurten ere", azaldu dute elkarteko kideek.
9:0etan hasiko da auzolana, eta 13:00ak arte luzatuko da. Parte-hartzen duten pertsonek bi elkargune izango dituzte aukeran: Seminarixoko patioa eta Osintxu. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, izena eman beharko da parte hartzeko, eta urriaren 14a izango da honetarako azken eguna.
Araztegia barrutik ezagutzen
Hurrengo egunean izango da antolatutako bigarren ekintza, hau da, urriaren 18an. Kasu honetan, Mekolaldeko araztegira egindako bisita bat izango da. Bertara joateko, bi hitzordu ezberdin jarri dituzte Kukubasoko kideek. Lehena, 10:00etan izango da, Agorrosinen, eta bertan elkartzen direnak elkarrekin joango dira araztegira. Bigarrena, Mekolalden bertan izango da, 11:00etan. Auzolanarekin gertatu bezala, parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute.
Araztegiak bertako errekentzat duen garrantzia ikusteko aukera paregabea dela adierazi dute elkarteko kideek: "Oso interesgarria deritzogu araztegiak nola lan egiten duen ikusi ahal izatea, honek gure erreketan zein eragin duen hobeto ezagutu eta ulertzeko, eta ingurumenean eta bioaniztasunaren zaintzan duen eraginaz jabetzeko".