Mattin Iñiguez: "Parapentea oso kirol mentala da, erabakiak hartu behar baitira une oro"

Idoia Aranbarri Arzuaga

Mattin Iñiguez parapentelaria. (Argazkia: I.A.A.).

Pol-Pol Mendizale Taldeak Mendi Astea ospatuko du hilaren 6tik 8ra, eta emanaldiak eta argazki-proiekzioa antolatu ditu. Mattin Iñiguez parapentelaria (Zegama, 1985) izango da protagonista eguaztenean (19:00etan, Pol-Polen lokalean); X-Alps proban hartu zuen parte, eta, horri buruzko ikus-entzunezkoa proiektatzeaz gain, solasaldia egongo da.

Nola hasi zinen parapentean?

Mendiari oso lotuta nago, eta beti praktikatu izan ditut mendiko kirolak. Eboluzioa Alpeetara joan eta jendea hegan ikusi genuenean etorri zen. Menditik jaisteko kirol bezala ulertu genuen hasieran, eta, probatu nuenean, ikusi nuen menditik jaisteaz gain bidaiatu egin dezakezula. Horrek harrapatu ninduen duela 11 urte.

Zer sentitzen duzu hegan zoazenean?

Oso sentsazio berezia da. Askatasuna. Une oro erabakitzen ari zara zer egin behar duzun ahalik eta denbora gehien aguantatzeko, eta altuerari eusteko. Estrategiak diseinatu behar dituzu alde batetik bestera joateko. Oso kontzentratuta egoten zara erabakiak hartzen, eta asmatzen duzula ikusten duzunean poztasun handiaren eta betetzen zaituen sentsazioa da.

X-Alps proba izango duzu berbagai Bergaran; zer-nolako proba da?

Munduko lasterketa gogorrenetakoa da. Alpeetako herrialde guztiak gurutzatzen ditu. 1.300 kilometrotik gorako ibilbidea izan zuen azken edizioak. Profesionalizatzen joan da. Orain, ibilbide osoa egin behar da oinez, eskalatzen eta hegan. Bi aste dituzu ibilbidea egiteko, eta Alpeetako hamasei leku ikonikotatik igaro behar duzu. Toki bakoitzean sinadura jartzen dizute, eta helmugara sinadura guztiekin iristen den lehenak irabazten du. Ibilbidea librea da, baina norberak erabaki behar du; tira, baldintzek.

Meteorologiak, ala?

Bai, asko baldintzatzen du. Posible da egun batean leku batetik hegan pasatzea, baina bi egunera sekulako marroia izatea, eta oinez egin behar izatea. Eguraldiaren arabera, errazago edo zailago izan daiteke lasterketa, eta bakoitzak diseinatzen du bere ibilbidea.

Korrika eta hegan egiten den modalitatea da; prestakuntza mentalak ere garrantzia du, ezta?

Parapentea oso kirol mentala da, erabakiak hartu behar baitira une oro. Fisikoki ez da oso exijentea hegan egitea bera. X-Alps lasterketa bada oso-oso fisikoa, eta hori gehiago prestatu behar izaten da ahalik eta denbora gehien irauteko. Mendiko lasterketa eta alde mentala elkartzen ditu probak.

Hurrengo erronka zein da?

Duela gutxi etorri naiz Pakistango espedizio batetik. Atseden hartzen ari naiz, eta hurrengo hilean jakingo dut X-Alpsen hurrengo ediziorako hartu nauten. Mundu mailan 35 partaide hartzen dituzte, eta ez dakit aurten horien artean egongo naizen. Bestela, txapelketatik aparte, gustuko dut bestelako abenturetan ibiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak