Beste urte batez antolatu du Pol-Pol Mendizale Elkarteak Mendi Astean, eta aurten ere Mendi Tour saioak Bergaran egingo du geldialdia, martitzenean, Seminarixoan, 19:00etan. Pasa den abenduko edizioan Mendi Film jaialdian saritu zituzten Cantos y Flores –Julen Elorza arrasatearra da zuzendaria– eta Izarren zaunka, eta Best Day Ever izango dira ikusgai. Jatorrizko bertsioan emango dira filmak –euskara eta ingelesa–, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta. Sarrera doakoa izango da.
Antolatzaileen aurreratu dute, Bergaran programatutako pelikulen protagonistak mendiko atleta ospetsuak direla: Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga eskalatzaileak Izarren Zaunka pelikulan; Karina Carsolio eta Hillary Gerardi mendi korrikalariak Cantos y Flores-en; eta Greg Durso eta Allie Bianchi txirrindulari egokituak Best Day Ever lanean.
Bi emanaldi gehiago
Eguazten eta eguenerako antolatu dituzten ekintzak, berriz, 19:00etan Pol-Pol Mendizale Taldearen lokalean –San Pedro kalea, 10– izango dira. Urriaren 7an, Mattin Iñiguez parapentelariak X-Alps proban hartu zuen parte, eta, horri buruzko ikus-entzunezkoa proiektatzeaz gain, solasaldia egongo da Iñiguez berarekin.
Eguenean, berriz, Juanjo Lopez Azurmendik Valtoro inguruan ateratako argazkien emanaldia eskainiko du.
Egitaraua
Hauxe da Mendi Asterako antolatu duten egitaraua:
Urriak 6, martitzena
- 19:00 Mendi Tourreko hiru film, Seminarixoan.
Urriak 7, eguaztena
- 19:00 Mattin Iñiguezen emanaldia, Pol-Polen lokalean.
Urriak 8, eguena
- 19:00 Juanjo Lopezen argazki emanaldia, Pol-Polen lokalean.