Wolframaren Egunaren lehen edizioa etorkizunean sendotu eta urteroko hitzordu bilakatzeko asmoarekin dator, zientziaren dibulgazioari, kulturari, ondareari eta Bergararekin lotutako talentua balioa jarrita. Bergarako alkate Gorka Artolak adierazi du Elhuyar anaien aurkikuntzak Bergara zientziaren historiaren mapan kokatu zuela, eta harro sentitzeko arrazoia dela. "Wolframaren Eguna sortu dugu ondare hori aitortu, zaindu eta herritarrei hurbiltzeko. Gure historiaren pasarte garrantzitsu bat gogoratzeaz gain, zientziak, ezagutzak eta berrikuntzak gure komunitatean izan duten eta izaten jarraitzen duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Argi geratzen da ospakizun honek iraganari begiratzen diola, baina baita etorkizunari ere", dio Artolak.
Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkinek azaldu du Wolframaren Eguna aukera bat dela ondare zientifikoa herritarrengana hurbiltzeko eta zientziaren inguruan elkartzeko: "Egun hau ez dugu soilik iraganeko gertakari bat gogoratzeko ospakizun gisa ulertzen, baizik eta ezagutza partekatzeko, zientziaren eta gizartearen arteko loturak indartzeko eta Bergararekin lotura duten pertsonen ekarpena aitortzeko topagune gisa".
Bergarako Enbaxadore Saria
Egun honekin batera, Bergarako Enbaxadore Saria ere sortu dute, eta aintzatespen honen helburua da "ibilbide nabarmena duten Bergarako pertsonak aitortzea; ikerketa, berrikuntza, kultura zientifikoa, garapen teknologikoa edo ezagutzaren transferentzia bezalako esparruetan dabiltzanak, eta, era berean, beren ibilbide profesionalarekin Bergara proiektatzen laguntzen dutenak".
Hilaren 28an Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriak (Bergara, 1957) jasoko du aitortza. Ugalde EHUko Kimika Fisikoko katedraduna da. Laboratorium Museotik adierazi dute, zientziaren dibulgazioan ekarpen handia egin duela. Ekitaldia 12:00etan izango da Seminarixoan.
Aurkikuntza gogorarazteko horma-irudia
Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak artistek horma irudia egin dute Seminarixoko aterpean. Aurkikuntzari beste begirada bat eman nahi izan diote, artearen bidez mugarri historiko hura herritarrengana hurbiltzeko.

Halaber, egun horretan, ateak irekiko ditu Laboratorium Museoak ere. Museora gerturatzen direnek doako bi bisitetan parte hartu ahal izango dute: bata, museoko erakusketa iraunkorrera, Bergarako historia zientifikoa eta herriak zientziaren garapenean izan zuen papera ezagutzeko aukera ematen duena; eta bestea, W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna aldi baterako erakusketara, wolframaren aurkikuntzari eta bere testuinguru historikoari bestelako hurbilketa bat eskaintzen dion esperientzia murgiltzailera.
Doako bisitak 10:15ean eta 11:00etan eskainiko dira, eta derrigorrezkoa da aurrez izena ematea 943 76 90 03 telefonora deituta edota laboratorium@bergara.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.