Irailaren 28an 243 urte beteko dira Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek, Bergarako Laboratorium Chemical eraikinean wolframita minerala ikertzen ari zirela, ordura arte aurkitu gabeko metal bat isolatzea lortu zutenetik. Wolfram izena jarri zioten; haren fusio-puntu altua baliatuta, gerora lanparak argiztatu ahal izateko eta armamendu militarra modernizatzeko erabilgarria izan zen, besteak beste. Euskal Herrian isolatu den metal bakarra da, gainera.
Bergarak badu eskultura bat, 2015a ezkero, Amilagako biribilgunean, irudi atomiko itxurakoa, Elhuyar anaien ekarpen zientifikoa gogoratzen duena. Orain, beste keinu artistiko bat gehitu zaio hari: Seminarixo sarrerako arku baten tamainara egokitutako egurrezko euskarri batean margotu berri duten murala. Herrian aski ezagunak diren Jokin Oregi Sortwo-k eta Mikel Larrañaga Remak-ek egin dute, elkarrekin ondo moldatzen diren bi lagunek.
Abuztuko bigarren astean ekin zioten murala margotzeari, eta bost egunean bukatu zuten. Diseinu-fasea luzeagoa izan zela aitortu du Larrañagak: "Laboratorium museoaren eskariz sartu ginen proiektuan, eta udal ordezkariek ere gertutik jarraitu dute ekoizpena. Iritzi asko hartu behar izan ditugu kontuan; beraz, hainbat aldaketa egin dizkiogu diseinuari, baina esan dezakegu gustura geratu garela jaso duen harrerarekin".
Detailez betetakoa
Ideiak hartzeko, bisita gidatua jaso zuten Laboratorium museoan bi muralgileek, wolframaren xehetasunez eta garrantziaz lehen eskutik jabetzeko. "Bergararroi txikitatik azaltzen zaigun arren bere garairako zer izan zen aurkikuntza hura, ondo etorri zitzaigun gogoratzea, esaterako, suediar zientzialariak txunditu egiten zirela hemengo aurrerapen zientifikoak ikustean", dio Larrañagak. Muralean txertatu dituzten elementuek wolframa isolatzearen garrantzia sinbolizatzen dute: alde batetik, bi zientzialari ageri dira minerala manipulatzen; bestetik, espazio-ontzia eta hegazkina daude, armamentu-norgehiagokaren isla; bonbilla bat eta giltzarrapoaz itxitako atea ere ikusgai daude; eta w hizkia goitik behera, 74 zenbakiak lagunduta –zenbaki atomikoa–.
Wolframaren Eguna, lehen aldiz
Sortwok eta Remakek Seminarixoan aurkeztuko dute lan artistikoa, hilaren 28an, astelehena. Egun horretarako progamatu dute Laboratorium museoak eta Udalak Wolframaren Eguna lehen edizioa. Datorren astean emango dituzte xehetasun gehiago, baina, aurreratu dutenez, urteroko hitzordu bilakatzeko asmoa dute, zientziaren dibulgazioari eta Bergararekin lotutako talentuari balioa emanda.
Bien bitartean, museora bertaratu daitezke bergararrak, gai horrekin zuzeneko lotura duen W74. Arrazoia, boterea eta etorkizuna erakusketa murgiltzailea bisitatzera.