Segurako Ondarre baserriak jaso du, aurten ere, Bergarako gazta lehiaketako sari nagusia

Larraitz Zeberio Lekuona

Iaz jasotako saria berretsi dute segurarrek aurtengoarekin, baina estu egon da lehia; izan ere bost puntuko aldea besterik ez da egon lehen hiru sarituen artean. Bestelakoetan, barazki postu onena Ane Gorosabel arrasatearrak jaso du eta fruta postu onena Urtza Sarrionaindia bizkaitarrak. 37 postuk osatu dute azoka eta giro onean joan da. Ekoizleak, orokorrean, gustura gelditu dira egindako salmentekin.

Gaur goizean Bergarako San Martin azoka jendetsua ospatu da Oxirondo eta Katabia plazetan. Herriko plazako lanek eragin dute aldaketa, baina esan daiteke azoka ondo egokitu dela leku berrira.
 
Aurten nekazaritza eta elikadura sektoreko 37 postuk osatu dute azoka, iaz baino bederatzi gehiago, eta 09:30etik 14:30era bitartean bertako ekoizleak ezagutaraztea eta bultzatzea izan du helburu nagusi. Herritarren erantzun onari esker, salmentak onak izan direla azaldu dute ekoizle askok eta pozik agertu dira goizean zehar azokan izandako mugimenduarekin. 
 
Bertaratutakoek era askotako produktuez gozatzeko aukera izan dute, hala nola barazkiak, frutak, gozoak, eztia, ogia, ukenduak, gazta, urdaiak eta landareak. Burdinola irristaketa elkarteak kudeatu du aurten odolosteen dastaketa eta Imaz eta Leturia harategien eskutik prestatu dituzte odolosteak. Ilara izan dute behin baino gehiagotan. Ilara handiak sortu dira, baita ere, taloen postuan. Bergarako trikitilarien kalejirak girotu du itxaronaldia.
 

Hiru lehiaketa

 
Hiru lehiaketa egin ohi dira Bergarako azokan eta Segurako Idiazabal jatorri izendapenak antolatutako gazta txapelketan hamabi gazta aurkeztu dira, horietatik bost Gipuzkoakoak, lau Arabakoak, bi Bizkaikoak eta bat Nafarroakoa. Epaimahaian Noelia Aldai eta Bittor Rodriguez bergararrak egon dira, eta lehen saria Segurako Ondarre baserriak eraman du berriro ere, iazko garaipena errepikatuz. Fruta postu onenaren saria Urtza Sarrionandia bizkaitarrak irabazi du, eta barazki atalekoa Ane Gorosabel arrasatearrak jaso du.
 

Lehortearekin kezkatuta

 
Beroaldiagatik sektoreak bizi duen egoera da ekoizle gehienen kezka iturri handiena orain; izan ere, salmenten pozaren atzean, ekoizle gehienek kezka sakona agertu dute euri faltak eragin duen lehorte gogorragatik.
 
Azokan bildutako nekazariek eta abeltzainek azaldu dutenez, klima aldaketaren ondorioak argiak dira, fruta eta barazkien ekoizpena ohi baino askoz lehenago etorri baita aurten. Gainera, abeltzainek adierazi dute mendian animaliek ez dutela belarrik aurkitzen elikatzeko. Pikunieta baserrian, esaterako, hasita daude belar lehorra ematen. Normalean abendutik aurrera izate da hori.
 

Hiru tailer Katabia plazan

Katabia plazan izan dira, bestetik, goizak utzi dituen hiru tailerrak. Jardun Euskara Elkarteak haurrentzako garaian garaiko fruta eta barazkiak ezagutzeko dinamika egin du. Ez oso urruti, Ekoudalatx Mintegi ekologikoko kideek linimentua prestatzeko ikastaroa egin dute, eta alboan Erlantz Olabarriak kandela egiteko tailerra egin du.
 
Azoka amaituta, Xaxau konpartsak antolatutako herri bazkariak hartu dio lekukoa festari, eta Santa Maria elizako arkupe azpian elkartu den gazte kuadrillak fideua eta oilaskoa bazkaldu ditu giro ederrean.
 
Eguna borobiltzeko, arratsaldeko 18:30ean, Moises Azpiazuren oroimenezko Bikote Nagusientzako 41. Dantza Txapelketa jokatu da Oxirondon.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak