Iazko bikote irabazle azpeitiarra garaile aurten ere

Goiatz Arana Begiristain

Bikote irabazlea, dantzan.

Jone Arriaranek eta German Aranburuk jantzi dute txapela, berriz ere, eta haien atzetik geratu dira Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo. Etxeko bikotearen azken txapelketa izan da gaurkoa, eta "pozik" geratu da.

"Gustura egin dugu dantza; beti ez da lortzen , baina gaur bai", adierazi dute. Azken txapelketa izatera, ohi baino tentsio puntu handiagoa zutela aitortu dute, baina sentsazio onarekin bukatu nahi zutela eta lortu dutela. "Azken txapelketa Bergaran izatea, hurbileko hainbeste jenderekin eta animatu gaituzten moduan animatuz, sekulakoa izan da", erantsi dute. Herriko Plazak, beti ere, beste kutsu bat duela azaldu dute, baina Oxirondon ere gustura aritu direla.

Murgiondo eta Galarraga, lore sortekin.

Hamalau urtez ibili dira txapelketetan parte hartzen, eta gaurkoarekin itxi dute zikloa, etxean, hasitako toki berean: "Urteotan egindakoa ospatzeko modu bat izan da". Bigarren postua sorpresaz hartu dutela  adierazi dute, eta hori ez da dena izan: Bergarako Udalak eta Musika eta Dantza Eskolak lore sorta bana eman diete, urtez urte egindako lanaren eskertza moduan.

Eta gisa horretan, esan diete agur txapelketei, ez, ordea, dantzari: "Erromerietan jarraituko dugu dantzan".

Txapelak, Azpeitira

Etxeko bikotea, gustura, eta baita bikote irabazlea ere. Iaz ere eurak izan ziren garaile, eta gakoa zein den galdetuta, gozatzea dela kontua azaldu dute: "Gauza asko hartzen dira kontuan, baina gure puntu fuertea da konplizitate handia dugula gure artean eta disfrutatu egiten dugula, eta hori transmititu egiten da. Marka onak ari gara lortzen Bergaran, eta gustura etortzen gara".

Usobiaga, Aranburu, Arriaran eta Galdos.

Lizartzako eta Sopelako Onditz Esnaola eta Gorka Granado sailkatu dira hirugarren postuan. Sarituek Eider Usobiagaren eta Eneko Galdosen eskutik –Bergarako Udaleko eta Bergarako Musika eta Dantza Eskolako ordezkariak, hurrenez hurren– jaso dituzte sariak.

Bederatzi bikotek parte hartu dute, guztira, Moises Azpiazuren oroimenezko Bikote Nagusientzako 41. Dantza Txapelketan. Fandangoa dantzatu dute, Bergarako Txistulari Bandaren laguntzarekin, eta arin-arina, trikitilarienarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak