"Gure ibilbideaz asko ikasten ari gara bira honetan bizitakoekin"

Hasier Larrea

Ezker-eskuin, Peio Ospital eta Pantxoa Carrere, kantuan, Olaso Dorreko lorategian. (Argazkiak: Xabier Urtzelai Atxa)

Pantxoa eta Peiok solasaldi eta kantaldi ederra egin zuten eguaztenean, Olaso Dorrearen atarian, Bergarako Udalak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Goiena Komunikazio Taldeak antolatutako ekitaldian.

Pantxoa Carrerek (Azkaine, 1948) eta Peio Ospitalek (Ezpeleta, 1948) asko dute emateko oraindik, lehendik ere gutxi eman izan balute bezala. Euskal musikak eman duen klasikoetako bat dira, errepresio frankistaren garaian abertzaletasunari lotutako abestiak kantatzeagatik nabarmendu zirenak.

Manex Pagolak sortu eta haiek moldatutako abestiaren izena darama oraintsu egiten ari diren birak: Azken dantza. 2027ko urtarrilaren 9an eta 10ean BECen joko du goia, baina aurretik hainbat herritan izango dira; tartean, Bergaran. San Martin jaietako egitarauaren baitan, irailaren 16an igoko dira Oxirondo azoka kanpoko oholtzara, 20:00etan.

Izan ere, bikotearen ibilbidean mugarri garrantzitsua izan zen Bergara. Irala zinema-aretoan jo zuten Hego Euskal Herriko lehenengo kontzertua, 1971n. Gainera, Telesforo Monzonen lagun handiak izan ziren, haren olerkiak abesteraino. Badira osagai dezente Pantxoa eta Peio Olaso Dorrean, Monzonen jaiotetxean, emanaldi berezi bat egitera gonbidatzeko. Bergarako Udala, Olaso Dorrea Fundazioa eta Goiena Komunikazio Taldea ados jarri ziren horretan, eta herenegun izan ziren bi artista handiak eraikinaren kanpoko lorategian, Goienakide batzuk eta tarteko beste hainbat lagun –Urretxindorrak taldeko Gotzon Bikuña eta Julio Unamuno, Ameslariak-eko Iñaki Arriaran...– testigu pribilegiatu zirela.

Solasaldi musikatu bikaina osatu zuten, Amaia Txintxurreta kazetariarekin sintonia betean, haien bizitzaren eta musika ibilbidearen errepasoa josita, hitzez eta kantuz. Hain zuzen, Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu ta segi aurrera, Bai Euskarari eta Azken Dantza kantuak abestu zituzten denek batera. Gaur bertan argitaratuko da une magiko hark emandakoa Goiena telebistan, 22:00etan. Goienakideek, esklusiban, 15:00etan izango dute Goiena.eus-en ikusteko aukera. 

Iparretik Hegora, aldea

Gaztetatik Amaia euskal kultur taldeko kide, Seaskaren aldeko kantaldietan hasi ziren jendaurrean agertzen Ipar Euskal Herrian; Hego Euskal Herrian, ostera, Loiola herri irratiaren bitartez ezagutarazi ziren. 1969an argitaratutako lau abestiko Itziarren Semea singleko bi abesti jartzen zituen irratiko esatari Joxe Mari Iriondok. Hark azaldu zuen, Olaso Dorreko emanaldian, zergatik ez zuen diskoaren izena zeraman kantua jartzen: "Zuzenean kartzelara eramango gintuztelako". 

Lapurtarrak, dena den, bikain moldatu ziren debeku giro hartara. Joxe Mari Iriondo bera izan zen Hego Euskal Herrira etortzeko xaxatu zituena: "Jende askok deitzen zigun irratira musikari batzuekin harremana egiteko eskatzeko. Halako batean jaso nuen Fernando Otaño Elementaleko ikaslearen deia. Ikasbidaia antolatzeko kontzertua egin gura zutela azaldu zidan, eta hainbat talderen izenak eman zizkidan; tartean, Pantxoa eta Peiorenak. Ea haiek ekartzerik izango nukeen. Erantzun nion kontuz ibiltzeko, Informazio eta Turismo Delegaziora joan behar zirelako baimena eskatzera; hortaz, gomendatu nion bertan esan zezatela ez zela Pantxoa eta Peioren lehen aldia Hego Euskal Herrian, eta haien hitzen itzulpenak hala-moduz eginak eraman zitzatela ere".

Baimena lortuta, Iralako zinema-aretoan 1.500 lagunen aurrean jo zuten, Antton Valverde, Amaia Zubiria eta Iñaki Arriaranekin batera. Zeharo hunkituta gogoratzen dute egun hura bi protagonistek. "Ohituta geunden elkarte txikietan jotzera, 30 lagunen aurrean. Ikara betean sartu nintzen oholtzan", adierazi du Carrerek.

Diktadura garai hartan bi musikarien kantuek askatasun gosea, euskararekiko egarria eta abertzaletasunarekiko gertutasuna islatzen zuten, eta, Ospitalen esanetan, beharbada hura izan zen Bergararan izandako arrakastaren arrazoia. Handik aurrera, harremanek bide beretik jarraitu zuten; esaterako, Urretxindorrak taldearekin "dezentetan" egin zuten topo jaialdi berean. Gainera, mugarri izandako hainbat ekitalditan aritu ziren; adibidez, 1976ko 24 orduak euskaraz irratsaioan eta 1978ko Bai Euskarari kontzertuan.

Euskararen gorabeherak

Pantxoa eta Peioren errepertorioa ezin da ulertu txikitan jasan zuten errepresioa aintzat hartu gabe: "Eskolan euskaraz egiten harrapatzen zuenari maisuak makil-ziri bat ematen zion, eta umeak makil-ziria pasa behar zion euskaraz egiten zuen beste ume bati. Salatari pasatzen genuen egun osoa. Eguna amaitutakoan, makil-ziria eskuetan zuen umeak gaztigu hauxe zuen: ordubetez lerro bat idatzi, Frantsesa naiz, ez dut gehiago euskaraz hitz egingo zioena".

Musikari bezala ere pairatu behar izan zuten zentsura. Arrasateko Gurea gaztetxean, 1972an, Guardia Zibilak haien eta Benito Lertxundiren ikastolen aldeko emanaldia bertan behera geratzeko saiakera egin zuen, baina, Jose Antonio Altuna alkatearen esku hartzea medio, aurrera egin ahal izan zuten. 1975ean, Lesakan, ez zuten zorte bera izan: "Gure bila etorri, eta atxilo eraman gintuzten gau batez. Ez gintuzten jipoitu, baina haien artean esaten zuten: 'Ziur nago esaten dugun guztia ulertzen dutela. Jotzeko gogoa ematen dit'. Eta besteak erantzun: 'Abeslariak dira, ez dira arriskutsuak'. 

Halako egoerekin hartu zuten "euskararen kontzientzia", nahiz eta onartu haien belaunaldiak ez duela euskara behar beste transmititu, "oso errepresiboa" izan delako. Dena den, orduko gurasoek lortu zuten, "lan, izerdi eta borroka askorekin", euskara irakaskuntzarako hizkuntza bihurtzea: "Eta orain, borroka euskara kaleko hizkuntza izatea da".

Egungo belaunaldiak

Hain zuzen, solasaldian jorratutako gaietako bat egungo belaunaldiarena izan zen. Hauxe zioen Carrerek: "Musikari dagokionez, gaur egungo gazteak gu baino adituagoak dira, molde guztiak baliatzen dituztelako; hori ona da, eta normala iruditzen zait, mundu globalizatu honetan, era guztietako musika euskaraz egitea".

Ospitalek beste geruza bat gehitu zion ekarpen hari, errespetuarena: "Oso hunkigarria egiten zait oraingoek diguten errespetua. Agian, oholtza gainean lehen aldiz euskaraz hitz egitera eta kantatzera ausartu ginenak izan ginelako izango da, errepresioaren beldur barik. Hori esaten digute, autoan entzuten zituztela gurasoen eta aitona-amonen zintak, belarriak hautsi arte".

Hunkituta birarekin

Gazte asko eta asko izango dituzte zain Azken dantza biraren geltokietan. Horrek ere sortzen die halako zirrara. "Pello Reparazen Mitoaroa-n parte hartu genuenean, baziren Donostian hiru belaunaldi. Oso gauza polita izan zen oholtzara irten ginen momentu hura", zioen Carrerek. Reparazek animatu zituen haien kabuz kontzertu sorta ematera, eta orain irrika bizian daude, gauzak asko aldatu direla jakitun. "Harrigarria egiten zait jendeak masiboki elkartzeko daukan gogoa edo beharra", zioen Ospitalek. Eta Carrerek gehitu: "Berriz korrituko nuke Euskal Herri guztia herriz herri".

Martxa hartua dute jada, eta konturatzen dabiltza zein garrantzitsuak izan diren, eta diren. "Jasotzen ari garen harrera handi honekin, adibidez Olaso Dorreko honekin, asko ikasten dugu gure ibilbideaz. Urteetan iruten joan garen maitasun istorioa ospatzen ari gara orain", borobildu zuen Ospitalek.

Monzonek eskuz idatzitako olerkiak

Solasaldiaren aurretik, Olaso Dorrea bisitatzen izan ziren Pantxoa eta Peio. Pozarren ikusi zuten nola mantentzen diren Monzonek haiei oparitu zizkien hitzen jatorrizko paperak. Bat falta zen, ordea, eta ez edozein: Itziarren semea. Hara non, Peiok poltsikotik atera zuen orri bat, eta huraxe zen. Hemendik aurrera, Olaso Dorrea Fundazioaren artxiboak gordeko du.

Abesti hark ondo baino hobeto adierazi zuen belaunaldi oso baten sufrimendua. Andoni Arrizabalaga ondarrutarraren torturen berri haren familiarengandik jakin zuenean idatzi zuen idazle eta politikariak. Pantxoa eta Peio oraindik ezagunak ez zirela, Monzon haien kontzertu batean izan zen, eta, ostean, Baigorriko Artze ostatura joan ziren hirurak; hantxe eman zien hainbat olerkipaper, abestu zezaten; lehenengoa, huraxe.

Urteak joan urteak etorri, Itziarren semea ez da ahanzturan geratu. Honako anekdota hau kontatu du Ospitalek, froga gisa: "Irunen egin dugun azken kantaldietako batean, ez genuenez egitarauan sartu, amaieran emakume gazte bat etorri zitzaigun, otoi-otoi, jotzeko eskatzen. Kantatu genuenean, oso emozionatuta zegoen. Amaieran galdetu nion abesti horrekin zer gertatzen zitzaion, eta hark erantzun zidan sehaska-kanta bezala kantatzen ziola amak".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak