Bergarako Udala: "Ebazpen judiziala errespetatu eta haren ondorioak gure gain hartzen ditugu"

Idoia Aranbarri Arzuaga

LAB sindikatuak atzo salatu zuen Bergarako Udal langile bat "bidegabeki kaleratu" dutela, eta horren aurrean, Udalak langilearen lan-harremanari eusteko aukerak aztertzeko egindako prozesuaren berri eman du.

Udalak azaldu duenez, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) jakinarazi zion langileari ezintasun iraunkor osoa aitortu ziotela, ohiko gaixotasun baten ondorioz, eta horren ostean, "langilearekin berarekin adostutako datetan", hainbat bilera egin zirela Udaleko arduradunekin egoera aztertzeko: "Lan-harremanarekin jarraitzeko aukerak identifikatzeko hainbat urrats adostu ziren".

Gaineratu dute, ondorioztatu zutela jatorrizko lanpostua moldatzea ez zela bideragarria, eta aztertu zutela "langilearen profil eta kualifikazioarekin bateragarriak izan zitekeen lanposturik ba ote zegoen", eta aintzat hartu zituzten lanpostuaren ezaugarriak eta langilearen profila ere; baita lanpostua langilearen osasun-egoerarekin bateragarria zen edo ez.

"Prozesu horretan, Udalak ezintasun iraunkorraren ebazpenari eta espedienteari buruzko informazio osagarria ere eskatu zion Gizarte Segurantzari eta 2026ko urtarrilaren 15ean jaso zuen erantzuna", zehaztu dute. Udalaren esanetan, 2026ko martxoan, langileari Udalarekin zuen lan-harremanari eusteko aukera eskaini zitzaion lanpostu zehatz batean, "dagozkion txosten eta balorazioak egin ondoren".

Epaiari, errekurtsoa

Langileak 2025eko azaroan jarri zuen salaketa Eibarko Auzitegiko Gizarte Atalean, eta 2026ko martxoaren 25ean kaleratzea bidegabetzat jo zuen. Horren aurrean, Udalak helegitea aurkeztu zuen, "bere jardunaren eta araudiaren interpretazioaren inguruko argudioak azalduz". Hala, EAEko Auzitegi Nagusiak 2026ko uztailean emandako ebazpenean ez zuen helegitea onartu, eta epaia berretsi zuen.

Udalak azpimarratu du, ebazpen judiziala errespetatzen eta haren ondorioak bere gain hartzen dituela: "Aldi berean, prozesuaren bilakaera eta Udalak egindako jarduketak ezagutaraztea garrantzitsutzat jotzen du, langilearen egoeraren aurrean hartutako erabakien eta egindako kudeaketen osotasuna ezagutzeko".

Nabarmendu du, euren konpromisoa dela langileen eskubideak bermatzea, eta ezintasun edo desgaitasun egoeren aurrean, "indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen egokitzapen eta lan-harremanari jarraipena emateko aukerak behar bezala aztertzea, betiere, beharrezko berme juridiko eta teknikoekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak