Bergarako Udaleko langile bat "bidegabeki" kaleratu dutela salatu du LABek

Idoia Aranbarri Arzuaga

Sindikatuak adierazi duenez, gaixotasun arruntak eragindako ezintasun orokorra aitortu zion Gizarte Segurantzak langileari, eta Udalak hiru hilabeteko epea zuen lanpostua egokitzeko eta jakinarazteko. Erantzunik ez zuenez jaso, langileak Eibarko Auzitegira jo zuen, eta "bidegabeko kaleratzea" zela ebatzi zuen epaileak. Udalak errekurtsoa jarri zuen EAEko Justizia Auzitegian, baina epaia berretsi zuen.

Bergarako Udaleko langileen ordezkari eta hamabost urtez lan-kontratuko langile finkoa izan den langile bat "bidegabeki" kaleratu dutela salatu du LABek. Prentsa-ohar bidez azaldu duenez, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) gaixotasun arruntak eragindako ezintasun iraunkor osoa aitortu zion langileari 2025eko uztailean, eta GSINk ere jakinarazi zion Udalari ezintasun iraunkorreko prozesua onartu zutela. Gehitu dutenez, langileak lan-harremanari eusteko nahia adierazi zion Udalari.

Auzia, epaiketara

Nabarmendu dute, Udalak GSINren jakinarazpena jaso zuen egunetik, gehienez ere, hiru hilabeteko epea zuela lanpostua egokitzeko edo lanpostu-aldaketa egiteko: “Erabakia, arrazoitua eta idatziz jakinarazi behar zitzaion langileari. Dirudienez, hiru hilabeteko epea amaitzear zela, langileak ez zuen Udal erabakiaren ohartarazpenik jaso. Horregatik, "langileak bere burua babesgabetasun egoeran aurkitu zuenez",  Eibarko Auzitegiko Gizarte Atalean salatu zuen 2025eko azaroan. 2026ko martxoan epaileak ebatzi zuen "bidegabeko kaleratzea" zela.

LABek jakinarazitakoaren arabera, Bergarako Udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salan jarri zuen helegitea 2026ko apirilean, baina errekurtsoa ezetsi, eta epaia berretsi zuen 2026ko uztailean. "Desgaitasunagatiko diskriminazioa" egon dela dio epaiak GSINk "langileari aitortutako "IP"aren adierazpen ofiziala Udalari jakinarazi ziolako; langileak, Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluak eskatzen duen moduan, Udalari lanpostu bateragarriren batean zerbitzuak ematen jarraitzeko eskaera behar bezala burutu zuelako; Udalak langilearekin zuen lan-kontratua eten zuelako; Udalak langilearekin zuen lan-kontratua eten aurretik ezgaitutako langilearen lanpostua egokitu edo aldatzea ezinezkoa egiten zuten arrazoirik egiaztatu ez zuelako. Eta hau burutzea udalaren betebeharra zelako; Udalak langilearen ezgaitasunak eragin ditzakeen diskriminazioak baztertzeko Europar Batasuneko eta Estatuko zuzenbidean ezarritako arauak urratu zituelako, eta Udalak langileari baja eman eta, Lan Postuen Zerrendan bere lanpostua hutsa izendatuta langilearekin zuen lan-kontratua amaitutzat eman zuelako".

Udalaren eta langileen arteko negoziaketak

2024ko irailean hasi ziren udal langileak beraien lan baldintzak hobetzeko aldarrikapen zehatzak egiten –udal gobernuarekin ere egin dituzte bilerak–, eta gaineratu dute, besteak beste, kontratazio politikan aldaketak aldarrikatzen zituztela: "Bada bi urte hauetan urratsik ez emateaz gain, honelako erabakiekin aurrera baino, atzera egiten dugula deritzogu".

Udal gobernuak "opakotasunez eta ezkutukeriaz" jokatu duela salatu dute, "Udalak langilearen lanpostuan doikuntzak egiteko edo lanpostu aldaketarako datuak eta urratsak ezkutatu eta prozeduraren ardura eta betebehar nagusiak langilearen bizkar utzi baititu". Horren aurrean, udal gobernuari eskatu die langileen kontratazioetan eragiten duten "edonolako erabakiak gauzatu aurretik", datu, argudio eta urratsak "gardentasunez azaldu eta prozedurak zorroztasun osoz" betetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak