IATko langileak Bergarako alkatearekin batzartu dira udaletxean

Koldo Zubia Salas

Itasua IATko langileak, gaur Bergarako udaletxearen alboan egin duten elkarretaratzean.

57 greba egun bete ostean, Bergara eta Zarauzko Itasua IATko langileen ordezkariek bilera egin dute gaur Bergarako Udaleko ordezkariekin. Bilerak iraun duen artean, elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean beste hainbat langilek. 

Itasuako Bergarako eta Zarauzko lan-zentroetako langileek uztailean hasitako greba mugagabean jarraitzen dute. Gaur, esaterako, Bergarako Udalera jo dute gatazkaren aurrean udalaren jarrera eta inplikazioa eskatzeko. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, bileratik "pozik" atera dira, eta, Udalak, egoerarekiko "kezka" agertu die, gatazkak herritarrengan ere eragina duelako.

Udalak "kezka azaldu du"

"57 greba egun eta gero, Bergara eta Zarauzko IATeko langileak batu gara, Bergarako alkateari uztaileko lan-gatazkaren harira urratsak eman ditzan eskatzeko", azaldu du Rober Gomezek, LABeko ordezkariak. Haren arabera, negoziazioak "guztiz blokeatuta" jarraitzen du, eta une honetan enpresaren proposamen berriaren zain daude; horren inguruan oraingoz berririk ez duten arren. Gomezek, halaber, Eusko Jaurlaritzari ere "behingoz arduraz" jokatzeko eskatu dio.

Itziar Murua ELAko ordezkariak azaldu du, gatazkaren inguruko mozio edo adierazpen instituzional bat aurkeztea aztertzen ari direla, udaleko alderdi politiko guztien "erantzukizuna eta konpromisoa" eskatzeko. Langileek, bien bitartean, mobilizatzen eta presioa egiten jarraituko dutela berretsi dute. "Herritarren segurtasuna bermatzea nahi dugu, azkenean gure lanpostua horren ingurukoa da", esan du Muruak.

Lan-hitzarmena geldi

Itasuako langileek uztailean ekin zioten greba mugagabeari, lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan akordiorik lortu ez ostean. Hitzarmenaren aurreko hiru urteko ituna urte hasieran amaitu zen, eta apirilean hasi zituzten zuzendaritzak eta langileen ordezkariek negoziazioak. Ez zuten akordiorik lortu, eta, ekainaren 29an, uztailaren 8an eta uztailaren 10ean egin zituzten lehen greba jardunaldiak. Uztailaren 13tik aurrera, greba mugagabea abiatu zuten.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak