Laugarren liga jarraian irabazi ostean, Kontxara begira Agirrezabal

Koldo Zubia Salas

'Lugañenea' ontzia Pasai Donibaneko estropada irabazi berritan. (Argazkia: Donostia Arraun Lagunak)

Estropadaz estropada garaipenak pilatzen ibili da aurten Donostiako Arraun Lagunak taldea. Bertako kide da Nerea Agirrezabal bergararra, eta, asteburu honetan, denboraldi osoan erakutsitako nagusitasuna berresteko urratsa eman gura dute Kontxako badian.

Donostiako taldeak, Euskotren Liga osatzen duten hamasei estropadak irabazita eskuratu dute ligako garaikurra; bertako kide da Nerea Agirrezabal arraunlari bergararra, eta, GOIENAri aitortu dionez, kosta egiten zaio egindakoa sinestea. Denboraldian zehar marka guztiak haustea gutxi ez balitz bezala, jarraian irabazten duten laugarren liga da aurtengoa. Taldearen ezaugarriak ikusita laugarren garaipen horrek ez du sorpresaz harrapatu Agirrezabal: "Aurreko urteko blokea nahiko mantendu delakoan nago, eta uste dut aukerak bazirela. Gero, urte osoan egindako lan eta entrenamenduekin trainerua zelan zihoan ikusita aukeretako bat izan zitekeela ikusi genuen. Oso zoriontsu naiz horren parte izatearekin".

Kontxako lehen jardunaldia

Liga irabazita, Kontxara begira dago Arraun Lagunak. Domekan izango da lehen jardunaldia, eta hori ere irabazteko faborito nagusiak dira. "Ondo eginez gero eta guztia orain arte bezala joanez gero, ba, bueno... Indarrarekin eta hori ere lortzeko gogoz gabiltza", esan du Agirrezabalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak