ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, negoziatzeko borondaterik erakutsi beharrean, enpresa greba eskubidea urratzen ari da. "Enpresak negoziatzeko jarri duen baldintza nagusia izan da greba deialdia bertan behera uztea eta hori ez dugu onartu", azaldu du LAB sindikatuko ordezkari Ana Sebalek.
Modu horretan, Bergarako eta Zarauzko Itasua Ibilgailuen Azterketa Teknikoko 55 langileek greba mugagabeari eusten diote, Gipuzkoako gainerako IATetako lan-baldintzekin parekatzea eskatzeko. "Urtean 133 lanordu gehiago egiten dituzte, eta urteko soldatan 2.000 eta 6.000 euro arteko aldea dago gainerako IATetako langileekin alderatuta", azaldu du ELAk, ohar bidez. "Bien bitartean, enpresaren jabeek azken urteetan sei milioi euroko dibidenduak banatu dituzte", gaineratu du sindikatuak.