Ekitaldia 12:00etan hasiko da, baina parte-hartzaileak 11:50ean elkartuko dira, San Martin plazan –Seminarixoko arkupean–. Handik Usondo parkeraino egingo dute ibilaldia, Irizar kaletik, San Marinako zubia zeharkatuz. Udal ordezkariek euren herrietako ikurrak eta banderak eramango dituzte, eta Usondon ordubeteko ekitaldia egingo dute, musika, dantza eta hitzaldi instituzionalak uztartuta. Besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Gorka Artola Bergarako alkateak hartuko dute hitza.
Euskal Herri osoko 200 bat udalerritako ordezkariak elkartuko dira Bergaran; alkateak, zinegotziak eta beste erakunde batzuetako ordezkariak. Hain zuzen, Nafarroako zein EAEko legebebiltzarreetako kideak, foru aldundietako zein batzar nagusietakoak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Orotara, 500 bat gonbidatu espero dira Bergaran.
Alkateen Mugimendukoei omenaldia
1976ko Alkateen Mugimenduko hainbat kide historiko ere bertan izango dira; besteak beste, Jose Luis Elokoro Bergarako alkate ohia, Luis Mari Ajuriagerra Otxandioko alkate ohia, Jose Antonio Altuna Txatillo Arrasateko alkate ohia eta Javier Errazti Eskoriatzako alkate ohia. Unai Azkarate artista bergararraren artelanak jasoko dituzte.
Bergaran sortutako Alkateen Mugimendua bi mugarri nagusirengatik da gogoratua: 1976an foruen abolizioaren mendeurrena gogoratzeko ekitaldia antolatzeagatik eta, 1977an, ikurrina legeztatu zenean, egindako ekarpenagatik. Domekako ekitaldiaren ardatzak bi izango dira: foruak eta foruen galera, burujabetza..., eta Alkateen Mugimenduak –Franco hil ostean, artean egungo sistema demokratikoa oraindik ezartzeke zelarik–, egindako lana.
'Burujabetza iparrorratz'
Urteurren bikoitz horren harira, Goiena telebistak Burujabetza iparrorratz ikus-entzunezko erreportajea estreinatu zuen atzo, eguena. Erreportajeak XIX. mendeko Karlistaldiak, liberalen garaipenaren ondorioz etorritako foruen deuseztapena eta mende bat geroago Bergaran eratutako Alkateen Mugimendua jorratzen ditu.
Kontakizunak bereziki azpimarratzen du Debagoienak pasarte historiko haietan izan zuen protagonismoa. Lehen Karlistaldia Bergarako Besarkadarekin amaitu zen, eta Bigarren Karlistaldian ere Oñatin, Aramaion eta Elgetan izandako gertaerak gogora ekartzen dira. Iragan hurbilagoan, berriz, Bergaran sortutako alkateen ekimenak ikurrinaren legeztatzea eta halako lorpen historikoak ekarri zituela azaltzen da. Urteurren horiek izango dira, era berean, egubakoitz honetako Puntua aldizkariko erreportaje nagusiaren abiapuntua ere; ikuspegi historikoa eta politikoa uztartu dituzte han.
Ikus-entzunezkoan historialarien, Alkateen Mugimenduko kideen eta egungo euskal ordezkari politikoen testigantzak biltzen ditu. Haien azalpenen bidez, foruak galtzearen arrazoiak eta ondorio politikoak jorratzen dira, eta ideia nagusi bat partekatzen dute guztiek: Euskal Herriaren burujabetzaren aldarria ez dela aldarrikapen huts bat, baizik eta historian zehar foruek euskaldunei aitortutako eskubideetan oinarritzen den aldarrikapena.