Abiadura eta indarra eskatzen duten diziplinak ditu gogoko Alberdik: bizkarra, crawla eta tximeleta estiloak lantzen ditu –igeriketako lau estiloetatik hiru– eta 50 eta 100 metroko lasterketetan parte hartzen du. Neguan egindako denboraldiak ahalbidetu zion joan den asteburuko txapelketan izatea. "Urtarrilera arte, oso ondo ibili nintzen; Gipuzkoako junior txapelketa irabazi nuen. Denboraldiko bigarren zatia, ordea, ez da ona izan", esan du Alberdik.
Lehiakideak eta postuak, ahal dela, ahaztu eta euren markak hobetzeko helburuarekin aritzen dira igerilariak, nor bere buruaren aurkako borrokan. Bada, Espainiako Txapelketan marka pertsonal horietatik "urrun" izan dela aitortu du Alberdik: "Emaitza aldetik ez zen egun ona izan, baina esperientzia aldetik saria izan da Mallorcara joatea. Sekulako instalazioak daude bertan, eta polita izan da".
Taldeari eskerrak
Ez da halako txapelketa batean aritu den lehen aldia izan Alberdirentzat, junior mailako txapelketetan ere parte hartu izan du-eta aurretik. Hala ere, bidaia horietan izandako laguntza eskertu nahi izan du. "Nahiz eta kirol indibiduala den, taldean entrenatzeak asko laguntzen du. Etxean ere babes handia jaso dut; etxekoek lagunduko ez balidate, ezin izango nukeen hainbeste lehiaketatan parte hartu", dio Alberdik.
Bergara Kirol Elkartean "gustura" dagoela esan du, "oso giro ona" dagoela iritzita. Klubeko zaharrenetakoa da dagoeneko, eta irakasle lanak egin behar izaten ditu askotan. "Hor ibiltzen dira txikienak begira, guk zer egingo dugun", dio bergararrak. Beharko begiratu, denboraldi betean astean bost egunetan entrenatzen baita Alberdi; gainera, gimnasioko beste hiru sesio gehitzen dizkio igerilekuan egindako horri.
Igeriketa eta unibertsitatea
Denboraldian egin beharrekoak amaitzeko, Euskal Herriko Txapelketa gelditzen zaio Alberdiri, asteburu honetan jokatuko dena, Gasteizen, eta hiru estiloetan lehiatuko da. Datorren urtera begira, unibertsitate ikasketak eta entrenamenduak uztartu beharko ditu, eta, denboraldia prestatzen hasiko dela argi badu ere, gorputzak irauten duenera arte izango dela esan du.