Bergara Igeri Elkartea ordezkatu du Ane Alberdik Espainiako Txapelketan

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 29a

Ane Alberdi Mallorcan jokatu den Espainiako txapelketan (Irudia: Bergara Igeri Elkartea).

Asteburuan Mallorcan jokatu den Espainiako Igeriketa Txapelketa Absolutuan –Open Trials– aritu da Bergara Igeri Elkarteko Ane Alberdi. Igerilari bergararrak, atzo eduki zuen bere hitzordua, 50 metro bizkar modalitateko proban eta 31,95 segundoko denborarekin 31. postuan amaitu zuen lehiaketa. Bestalde, infantiletan, 34 taldetatik zortzigarren postua lortu dute Euskal Herriko Txapelketan klubeko hamar neskek. 

Bergarako Igeri Elkartea ordezkatu berri du Ane Alberdik  Espainiako Igeriketa Txapelketa Absolutuan. Bergararrak 31,95 segundo behar izan zituen bizkarrez 50 metro egiteko, eta bere denbora ez zen nahikoa izan finaletara sailkatzeko. Hala ere, estatuko igerilari onenak elkartzen dituen txapelketa batean parte hartzeko aukera, ez da ez gutxi, eta horixe nabarmendu nahi izan du Bergara Igeri Elkarteak: "Maila absolutuko txapelketa batean parte hartu izana, bertan dagoen exigentzia eta lehiakortasun handia kontuan hartuta, esperientzia aberasgarria eta urrats garrantzitsua da bere kirol-ibilbidean".

Infantilak sendo

Infantiletan berriz, joan den asteburuan zortzigarren amaitu zuten infantil mailako neskek Euskal Herriko Txapelketan. Guztira, klubeko 10 neska aritu ziren Irungo Azken Portuko kiroldegian lehian, orain arteko parte-hartzerik handiena izan da hori. Emaitzen dagokionean, marka pertsonal ugari hobetzea lortu zutela nabarmendu dute klubetik, aipatutako taldekako 8. postuarekin batera. "Hainbesteko lehiakortasuna dagoen txapelketa batean lehen hamarren artean egotea entrenamenduetako eguneroko lanaren erakusgarri da. Talde sendo eta batua ikusi da uneoro, elkarrekiko laguntza eta kidegoa erakutsiz, eta horrek urrats garrantzitsua dakar hauen kirol-heziketan", azaldu dute.

Bergara Igeri Elkarteko infantil neskak. (Irudia: Bergara Igeri Elkartea).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak