'B serieko' talde handiak, aurten ere, bihar abiatuko duten 26. Berumugan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko uztailaren 2a

Espoloiko taularen gainean gaur izango den Koko Jean&The Tonics taldea. Argazkia: Gaztelupeko hotsak

Koko-Jean&The Tonics taldea izango da bihar, egubakoitza, Espoloian, 22:00etan hasita.

Bergaran eta eskualdean errotuta dagoen ekimena da Udalak Gaztelupeko Hotsak-en laguntzarekin antolatzen duen Berumuga musika zikloa; horren erakusle da gaur abiatuko dutela 26. aldia. Orain arteko aldietan moduan, Espoloian izango da kontzertu bana, uztaileko egubakoitzetan, 22:00etan hasita; emanaldi guztiak dohainik dira. "Publiko nahiko fidela duen musika zikloa da, herriko zein kanpotik etorritako askotariko musikazaleak batzen dituena", azaldu du Aitor Narbaiza Bergarako Udaleko ordezkariak aurkezpenean. 

Hazten ari diren taldeak

Indartsu dator aurtengo eskaintza ere, kartelean dauden izenak askorentzako ezezagunak badira ere. "B serieko taldeen bila ibiltzen gara, eta hala izan da hastapenetatik; hau da, oso talde onak direnak, baina ez dutenak oraindik mainstream izateko pausorik eman. Berumuga bizirik dagoen ziklo bat da, ez goaz aurrera inertziarengatik", azaldu du Gaztelupeko Hotsak-eko Ubane Uzinek.

'Frontwoman' indartsua

Soulez, erritmoz eta groovez betetako "eztanda" izango da bihar Espoloian entzungo eta ikusiko dena Koko-Jean&The Tonics taldearen eskutik. "Bartzelonan bizi den Miss Koko-Jean Davis abeslari afro-katalanak hankaz gora jarri zuen Bartzelonako soul eta rythm-and-blues eszena orain dela urte batzuk, The Tonics taldearekin abentura berri bila abiatuta –Anton Jarl bateria-jolea, Victor Puertas hammond-jolea eta Dani Patillas Baraldes gitarra-jolea–. Frontwoman ikaragarria da Koko-Jean, zurrunbiloa da oholtzaren gainean. Emakume horrek baladekin edo bluesaren gordintasunarekin hunki zaitzake zein bat-batean rock-and-roll eta soul doinuekin tenperatura igoarazi ere bai", gaineratu dute Berumugaren antolatzaileek.  

Abeslariak alboan dituen musikariak ere goi-mailakoak eta ikusgarriak direla nabarmendu dute: "Piztia da Anton Jar bateria-jolea, haren estilo dotore eta rockeroarekin beat bakoitza indartzen duena. Gitarra-jole kameleoikoa da Dani Patillas Baraldes –La Banda del Zoco, Macaco, Jarabe de Palo, Rulo...–; gitarra kolpe bakoitzean dardarazten zaituena. Eta hammondarekin izango den Victor Puertas, Katalunian eta mugetatik kanpo ere, bluesman eta harmonika-jole ospetsua da". 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak