Ohiko osagaiekin dator San Martzial Erromeria

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 18a

Iazko San Martzial Erromeriako une bat. (Argazkia: GOIENA).

San Martzial Eguna ekainaren 30ean izango bada ere, Erromeria uztailaren 5ean ospatuko da eta dagoeneko, Udalak iragarri du egitarua. Halaber, oraindik ere ere kuadrillek egin ditzakete sanmartzialetako mahaiak eta aulkiak alokatzeko eskaerak.

Urteko egunik kuttunenetako bat izaten da San Martzial Erromeria bergararrendako eta aurten ere izango dute zertaz gozatu. Atzo egon zen aukera mahaiak eta aulkien erreserba egiteko, baina ekainaren 24an ere egin ahal izango da Seminarixoko leihatilan, 17:30etik 19:30era bitartean. Eskaerak egin ostean, uztailaren 4an jaso ahal izango dira San Martzialgo kanparako sarreran. Alabaina, Udalak jakinarazi du mantentze-lanak direla eta kuadrillek ezingo dutela eremurik zintekin gorde uztailaren 3ko 15:00ak baino lehen.

Era berean, eskatu du eremuko landaretza zaintzeko, lurrean surik ez egiteko eta sortutako hondakinak, dagozkion edukiontzietan batu eta erabilitako gauza guztiak jasotzeko. 

Herribus zerbitzua

Erromeria egunean San Martzialen ibilgailu kopurua gutxitzeko, Herribus zerbitzua egongo da egunean zehar. Goizez, 09:30etik 14:00etara bitartean, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:30era arte. Geltokiak Oxirondo plazan eta San Martzialen izango dira, eta zerbitzuaren prezioa ohikoa izango da.

Gainera, San Martzialerako bidea trafikorako itxiko dute 10:00etatik 11:00etara eta 21:00etara. Zelaira ezingo da autorik sartu. Salbuespen dira generoa daramatenak, baina deskargatu eta berehala atera beharko dira eremutik.

Egitaraua

Honakoa da sanmartzialetarako Udalak antolatu duen egitaraua:

Ekainak 30, martitzena: San Martzial Eguna

  • 07:00 Kanpai-jotzea Santa Marinan.
  • 07:30 Santa Marinatik San Martzialera igoera, Letania errezatuz.
  • Ondoren, meza San Martzialen, Bergarako Parrokiak antolatuta.
  • Bukatzeko, txokolate-jan herritarra, San Joxepe elkarteak prestatuta.

Uztailak 4, zapatua

  • 18:30 Bergarako Erraldoi Taldearen kalejira, Elgoibarko eta Arrasateko dultzaineroek eta Bergarako Txistulari Bandak lagunduta. Ibilbidea: Ariznoa plaza, Bidekurutzeta kalea, San Pedro, Artekalea, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Irizar Pasealekua, Irala kalea eta Seminarioko patioa.

Uztailak 5, domeka: San Martzialgo Erromeria Eguna

  • 09:30 Alborada: Lizarrako gaiteroak, Gorka eta Hekthor trikitilariak, Bergarako Txistulari Banda eta Gesaltza txaranga, Egino Mallea plazan.
  • 10:00 San Martzialera igotzea.
  • 12:00 Gorka eta Hekthor trikitilariak eta Haizea Arana eta Andoni Rekondo bertsolariak. Ondoren, dantzaldia Ohorezko Sokarekin eta ohiko Aurreskua. Bukatzeko, Lizarrako Larrain dantza Lizarrako gaiteroekin.
  • Segidan, abesti herrikoiak kantina ondoan.
  • 15:30 Umeentzako eta gaztetxoentzako jolasak.
  • 17:00 Herri kirolak: Sokatira eta txingak. Izen-ematea: 16:15ean hasiko da zelaian. Sokatira eta txinga eramate saioaren tartean Irrintzi Txapelketa ( 16 urtetik beherako kategoria eta 16 urtetik gorakoentzat) egingo da.
  • 18:00 Lisker taldearen eskutik erromeria.
  • 18:30 Gesaltza Txarangaren saioa.
  • 21:00 Txupinazoa eta jaitsiera, Lizarrako gaiteroek eta Gesaltza txarangak alaituta, Lehen tokian dultzaineroak eta ondoren, txaranga. Jaitsieran, arin-arin eta fandango dantzatzeko guneak: Askatzu baserria eta Irala kalea. Jaitsierari txarangak emango dio bukaera Irala kalean.

Etxafleroen jaurtiketa ordutegia: 10:00, 11:45, 12:00 eta 21:00.

Bolatokiaren ordutegia: 11:00etatik aurrera egun osoa zabalik. 17:00 Bolo txapelketa (izen-ematea: 5 euro). Hiru sari egongo dira, eta laugarren ezusteko sari bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak