Hilaren 17an eta 24an egin ahal izango dira sanmartzialetako mahaiak eta aulkiak alokatzeko eskaerak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 8a

Kuadrilla bat iazko sanmartzialetan.

Uztailaren 5ean ospatuko da San Martzialgo Erromeria, eta herritarrek mahaiak eta aulkiak alokatzeko aukera izango dute beste urte batez. Ekainaren 17an eta 24an egin daitezke eskaerak Seminarixoko leihatilan, 17:30etik 19:30era bitartean. Alokairuaren prezioa 25 eurokoa da, eta mahai bat eta zortzi aulki hartzen ditu barnean.

Eskaera bakoitzean gehienez ere bost mahai eskatu ahal izango dira, eta alokatzen den mahai bakoitzeko gehienez ere zortzi aulki eskatu ahal izango dira. Fidantza jarri beharko da: gehienez ere hiru mahai eskatzen diren kasuan, 150 euro; lau edo bost mahai eskatuz gero, 300 euro.

Behin eskaerak eginda, uztailaren 4an jaso ahal izango dira San Martzialgo kanparako sarreran, 17:00etatik 20:00etara, eta itzuli, erromeriaren ondoren, uztailaren 5ean, egin beharko da jasotako leku berean 18:30etik 20:30era. Udalak jakinarazi du, materiala entregatzean zigilua jarriko dutela, eta ezinbestekoa izango dela alokairua egiterakoan jasotako agiria aurkeztea.

Halaber, fidantzak uztailaren 7an eta 8an itzuliko dira, 17:30etik 20:30era, Seminarixoko leihatilan. Udalak azpimarratu du ezinbestekoa dela materiala emandako egoera berean eta ezarritako ordutegian itzultzea: "Baldintza horiek betetzen ez diren kasuetan, ez da zigilurik jasoko eta, ondorioz, fidantza galdu egingo da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak