"Jokalarien, entrenatzaileen eta familien ahaleginak, konpromisoak eta grinak" fruituak eman dituztela adierazi du Burdinola Hockey Klubak. Ez da gutxiagorako, 2025-2026 denboraldian maila ederra erakutsi ba baitute, titulu, podio eta jarduera handi gisa, bai lehiaketa autonomikoetan, eta baita Espainiako Txapelketetan.
Infantil talde mistoak lortu ditu aurtengo lorpenik handienak, Euskadiko liga eta Euskadiko kopa, biak irabazi baitituzte. Klubaren esanetan, "Denboraldi osoan erakutsitako maila handia islatzen du horrek, eta parte berdinetan lehiatzen eta gozatzen jakin duen talde baten etengabeko lana saritzen du". Bestalde, Emakumezkoen senior taldeak ere Euskadiko kopa eskuratu zuen, lehiaketa "handi bat" egin ondoren.

Beste taldeak ere lehiakor
Burdinola Hockey Klubaren baitako beste bi taldeak ere lehiakor aritu dira. Gizonezkoetan, jubenilek Euskadiko Kopako finala jokatu zuten, baina ezin izan zuten garaipena eskuratu. Klubaren arabera, txapeldunorde amaitzeak "saria ematen dio bere ahalmenetan sinisteari utzi ez dion talde bati". Azkenik, Gizonezkoen senior kategorian ere onenen artean aritu da Burdinola; Euskadiko liga laugarren postuan amaitu dute eta.
Ligako beste emaitzei dagokienean, Zilarrezko Nesken taldeak, bosgarren postua lortu du hamabi parte-hartzaileen artean, Alebin Elitek, ostera, hamabi talderen artean laugarren postua lortu dute. Infantilek berriz, hamabi talderen artean bosgarren postua lortu dute.
Bestalde, denboraldiko lorpen handienetarikoa izan da otsailean Infantil Oro taldeak Urrezko Infantil Liga Nazionaleko titulua eskuratu izana." Burdinolako familia osoa harrotasunez betetzen duen lorpena" dela esan dute klubetik.

Bi lehiaketa faltan
Denboraldia amaitzeko bi lehiaketa gelditzen zaizkio klubari. Alde batetik Espainiako jubenil txapelketa jokatuko dute, eta, bestetik, emakumezkoen 20 urtez azpiko txapelketa. "Badakigu bidea zaila izango dela, baina baita gure taldeek urte osoan zehar erakutsi dutela edozeinen aurka lehiatzeko gai direla", adierazi dute. Helburua, Espainiako zortzi talde onenen artean amaitzea izango da, klubaren esanetan, horrek "amaiera bikaina" emango liokeelako "ikasketaz, ahaleginez eta kirol-arrakastaz betetako denboraldiari".