Donostiako taldeak sasoi betean dagoela berretsi zuen; izan ere, maiatzaren 31n Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi ostean, Euskadiko txapela ere bereganatu du. Garaipenaren ostean, "pozik" zen Agirrezabal; haren esanetan, "urte osoan egindako lana izan da irabazteko gakoa".
Euskadiko txapeldun Lehen luzetik alde handia ireki bazuten ere, bergararrak aitortu zuen ez zutela espero. "Denboraldi hasieran ez genuen txapelketak helburu nagusitzat markatu, eta taldearen asmoa burua galdu gabe eta gure erritmoa mantenduz lana ahalik eta txukunen egitea zen".
Tolosaldea erreferentzia nagusitzat zutela ere azaldu du. Lehen luzean parean joan ziren, baina ziabogan aurretik zihoazela jakinarazi zietenean aldatu zen egoera: "4-5 segundo aurretik gindoazela esan ziguten, eta une hartan geure buruarengan sinistu genuen. Denok genekien ondo egiten bagenuen gurea izango zela txapelketa". Maila pertsonalean, garaipenak poz berezia eragin zion: "Irabazterakoan, egindako sakrifizio guztiez gogoratzen zara, eta merezi izan duela ikusten duzu".
Euskotren ligari begira
Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak jarraian irabazteak taldearentzat zer esan nahi duen galdetuta, Agirrezabalek adierazi du "lana ondo egiten ari diren seinale" dela. Hala ere, gogorarazi du denboraldiko hitzordu garrantzitsuenak orain datozela: "Euskotren liga eta Kontxa datoz orain, eta lanean jarraitu behar dugu".
Bi txapelketak irabazita, taldearen animoa "oso ona" dela nabarmendu du: "Oso indartsu dago taldea". Azaroa ezkero entrenatzen ari dira, eta orain hasi dira egindako lanaren fruituak batzen. Horregatik, uste du udan "gauza politak" egiteko moduan daudela: "Garaipenek konfiantza eta motibazioa eman digute".
Ekainaren 28an hasiko da Euskotren liga, eta helburuak argi dituzte: "Lehenik eta behin, disfrutatzea da helburua, gustura arraun egitea". Bergararraren esanetan, ondo ari direla ikusita eta trainerua azkar doala kontuan hartuta, "emaitzak etorriko dira". Aurkariei buruz galdetuta, Tolosaldea, Orio eta Zumaia aipatu ditu nagusien artean. Hala ere, estropada guztiak irabaztea "oso zaila edo ia ezinezkoa" dela azpimarratu du, eta edozein taldek izan dezakeela gailentzeko aukera.
Kontxako Bandera, "amets"
Kontxako Banderari begira, berriz, errezeta sinplea dela uste du: orain arte bezala lanean jarraitzea, "burua galdu gabe eta hankak lurrean edukitzea". Eta Kontxako Bandera irabazteko aukeraz galdetuta, ez dauka zalantzarik: "Izugarria izango litzateke. Arraunlari batek gehien amesten duen gauzetako bat da. Ezin da azaldu, oso zaila da esplikatzea arraunlaria ez den pertsona bati. Urteko egun garrantzitsuenetako bat".
