Herriko jaietan mozorrotzea ez da arraroa gurean. Horrela hasi ohi dituzte Elgetako Ferixa Nagusiko jaiak, eta horrela bukatu, Errosaixo Bixamonean, Oñatiko Errosaixo jaiak ere. Garai batean, Bergarako Penteskote jaien azken egunean ere, martitzenean, herritar ugari mozorrotzen ziren Irudien edo Estanpen Lehiaketarako. Horixe erakusten du aste honetako argazkiak: 1973ko jaietan egin zen VIII. Irudien Lehiaketa.
Planteamenduak ez zuen misteriorik: talde edo kuadrillaka antolatuta, gai baten bueltan mozorrotu, karroza egin eta herriko kaleak zeharkatu ohi zituzten. Ostean, beteta egon ohi zen plazan antzezlan txiki bat egiten zuten.
Ramon Larrañagak atera eta Bergarako Udal Artxiboan gordeta dagoen argazkiko taldea erromatarrez mozorrotuta egon arren, La censura española estanparen parte zen eta bertan, pelikula baten grabaketaren parodia irudikatu zuten. Juan M. Corral da argazkiko bergararretako bat, eta azaldu duenez, hainbatetan hartu zuten parte lehiaketan. Irudia prestatzeko hilabete bat edo bi behar izaten omen zuten eta 1973an irabazi ez arren, beste urteren batean lortu zuten lehen saria.
Hamahiru alditan
1966an egin zuten lehenengoz Irudien Lehiaketa, eta 1978an azkena, Urteekin, igotzen joan zen sari irabazteak zekarren ditu kopurua kopurua: lehenengo edizioan lehen saria eroan zuen irudiak 3.000 pezeta eta garaikurra irabazi zituen; 1973an, aldiz 11.000 pezeta eta garaikurra. •
Puntua aldizkariaren 499. zenbakiko Argazki zaharra atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

