"Herriaren garaipena" ospatzeko, jaia Bergarako San Juan auzoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 17a

Otsailaren 17an iragarri zuen Larramendiko Arnasa taldeak festa egingo zuela San Juan auzoan Valogreene enpresak planta ez duela eraikiko ospatzeko eta iritsi da eguna. Gaur, domeka, bergarar musikariekin osatutako egitarau oparoa antolatu dute, eta "herriaren garaipena" ospatuko dute 18:00ak aldera arte.

Dozenaka herritar bildu dira gaur San Juan auzoko plazan bost urteko borrokaren ostean, Valogreene enpresak Larramendiko industrialdean plantarik eraikiko ez duela ospatzeko. Bidea "oso luzea" izan dela adierazi du Larramendiko Arnasa taldeko kide Maite Aristegik. "Hasiera oso gogorra izan zen, gezurrak, nahasketak eta oso zaila izan zen. Lanari ekin zitzaion, eta helburu berberak zituen eragile eta herritar ezberdinak batu ginen. Sare bat sortu zen Udalarekin ere eta lana aurrera eraman zen talde ekologistak ere lagun genituela. Azkenean, epaitegietan irabazi genuen", dio. Nabarmendu du "lurraren aldeko borroketan oso garaipen gutxi" izaten direla, eta hori ospatu nahi izan dutela gaurko egunarekin.

Ekologistak Martxan taldeko Carlos Arribas izan zen bidea zabaltzen lagundu ziena Larramendiko Arnasako kideei. Gaurko ekitaldian ez du egoterik izan, baina Ekologistak Martxaneko kide Piter Encinasek azaldu du Valogreenen proiektuaren berri izan zutenean "guztiz aurka" agertu zirela: "Aurreproiektua irakurri eta aztertu genuen eta enpresa batek esaten duenean airea, errekak eta lurra kutsatzeko aukera handia dagoela, horrek esan nahi zuen hitz horien atzean gehiago zegoela. Orduan, garbi geneukan zein izan behar zen gure iparra. Zorionez, hemen, Bergaran, oso garbi ikusi zuten proiektua kutsatzaile hutsa zela, orduan, herritar asko mugitu zen proiektuaren aurka. Zorionez, izugarrizko lorpena lortu dugu. Borrokatzen dugunok aukerak dauzkagu irabazteko eta gure iritziz, hor dauzkagu bi adibide handi: Urdaibai eta Larramendi. Gaur elkartu gara lorpena ospatzeko".

Bi elkarteek nabarmendu dute udal gobernua bidelagun izan dutela bost urte hauetan. Bergarako alkate Gorka Artolarendako urteetako "prozesu luze eta konplexua" izan da, baina lortuako emaitzagatik bideak merezi izan du, herriak irabazi duelako. Hasierako urteak ekarri ditu gogora: "Udal gobernu modura tokatzen zitzaigun arautegiaren eta herriaren defentsa egitea. Hori da guk hartu genuen papera eta hori da bide osoan zehar koherentziaz defendatu duguna. Ez zen batere goxoa izan halako konplexutasuna zuen gaia tartean edukitza. Defentsa juridiko eta tekniko guztia lantzeko baliabideak ere zailak izan dira. Gaur ospatzeko eguna da".

Egun osoko ospakizunean hartu dute parte Gari Lopez de Munain bertsolari bergararrak, Musika Eskolako Trikitilariek, Nebar, Azkaiter Pelox, Farrago, Adblue, Diablues eta Bluezifer Band eta Amustei taldeek, besteak beste.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak