Abuztuaren 12ko eguzki eklipsearen inguruko dibulgazio programa prestatu du Laboratorium Museoak

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 11

'Bi ilunabarren eguna' erakusketa Laboratoriumeko lorategian. (Argazkia: Laboratorium museoa).

Bergarako Laboratorium Museoak abuztuaren 12an ikusi ahalko den eguzki eklipsearen inguruko dibulgazio programa eskainiko du datozen hilabeteetan. Hasteko, gaurtik –astelehena–, maiatzaren 21era arte museoko lorategian ikusgai egongo den Bi ilunabarren eguna izeneko erakusketa ibiltaria.

Abuztuaren 12an, eguraldiak laguntzen badu, eguzki-eklipsea ikusi ahalko da Debagoienan. Gertakari horren harira, Jakindari osatzen duten erakundeek –Laboratorium Museoa tarteko–, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin elkarlanean, zientzia-dibulgazioko programa ibiltaria martxan jarri dute, ZTBk (Zientzia, Teknologia, Berrikuntza) garatzen duen programaren baitan. Bergararen kasuan, sei jarduera antolatu dira maiatzetik uztailera, "fenomeno astronomiko hori herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin". 

Erakusketa gaurtik ikusgai

Gaur ekin diote, bi hilabete hauetarako prestatutako jardueretan lehenengoari, Bi ilunabarren eguna izeneko erakusketari, hain zuzen. Ilustrazio zientifikoz osatutako erakusketa da, eta eguzki-eklipse osoaren hurbilketa "didaktiko, irisgarri eta bisualki erakargarria" proposatzen du. Erakusketa hori maiatzaren 21era arte doan bisitatzeko aukera izango da museoko lorategian. Bestalde, hainbat ikastetxe goizeko ordutegian antolatutako bisitetan izango dira. 

Helduek ere izango dute erakusketa bisita gidatu bidez ikusteko aukera, maiatzaren 16an eta 18an. Zapatukoa, 11:30ean egingo da eta publiko orokorrari eta familiei zuzendutako dibulgazio tailer batekin batera eskainiko da. Astelehenekoa, ostera, Museoen Nazioarteko Egunarekin batera antolatu dute, ordutegi berean. Izen ematea doakoa izan arren, aldez aurretik eman behar da izena; 943 76 90 03 telefonora deituta edo  laboratorium@bergara.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Bi hitzaldi

Erakusketa amaitu ostean, ekainaren 11n, Eklipseak eta asmakizunak izeneko hitzaldia emango Mikel Falxa DIPCko Doktoretza Ondoko Ikerlariak; Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. 18:30ean izango da hitzaldia, euskaraz eta doan edukiera bete arte. Bestalde, uztailaren 3an, Ilartargi Elkarteko Josu Gonzalezek Eklipseak: astroak ezkutaketan jolasten izenekoa emango du, hau ere Seminarixoan, euskaraz eta doan. 

Programazio honekin, Bergarak zientziaren dibulgazioan duen rola indartzea da helburua, herritarrei eklipseen fenomenoa "hobeto ulertzeko" tresnak eskainiz. "Aparteko gertakari astronomiko baten aurrean gaude, eta Bergarako herritarrek fenomeno hau behar bezala bizitzeko aukera izatea nahi dugu", azpimarratu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak. Horrez gain, Jakindari bezalako erakundeekin duten lankidetzaren garrantzia ere azpimarratu du Errazkinek: "Jakindari bezalako erakundeekin eraikitako lankidetzak, publiko guztientzat pentsatuta diseinatu ditugun jarduera horien eragina handiagotzeko aukera ematen digu, eskola-umeetatik hasi eta familia eta pertsona helduetaraino irismena bermatuta. Zientziak irisgarria eta partekatua izan behar du eta hori lortzeko bidean lanean jarraitzen dugu buru-belarri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak