Arkeologiari buruzko hitzaldia emango du Alvaro Arrizabalagak egubakoitzean Bergaran

Olaia Milikua 2026ko maiatzaren 6a

Alvaro Arrizabalaga, Lezetxikin. (Argazkia: Goiena).

Arkeologia: iraganaren zientzia forentsea hitzaldi-sorta antolatu du Lanbroa Kultur Elkarteak. Lehenengo hitzaldia, Gipuzkoa Goi-Paleolitoko pasaleku, datorren egubakoitzean, maiatzaren 8an, izango da Bergarako Irizar jauregian 19:00etan. Alvaro Arrizabalaga oñatiarrak emango du. Hitzaldi ostean, hizlariarekin afaltzeko aukera egongo da Umore-Ona elkartean. Afarira joan nahi duenak aurrez izena eman beharko du. 

"Gaur egungo errepide eta trenbide sareek duela milaka urte ehiztari biltzaileek marraztu zuten bide bera jarraitzen dute". Eta hain zuzen, hori da Lanbro Kultur Elkarteak Alvaro Arrizabalagarekin antolatu duen hitzaldiaren ardatza. Hitzaldian migrazio bideak Paleolitoan nola gauzatu ziren azalduko du Arrizabalagak, arreta berezia eskainiz azken urteetako aurkikuntzei eta Deba ibaiak zeharkatzen duen arroari.

Historiaurrearen Harana

"Deba ibaiaren arroan eta inguruko haranetan Gipuzkoako Historiaurrearen mapa ezin aberatsagoa dago idatzita". Bertan kokatzen dira Ekaingo koba, UNESCOk 2008an Gizateriaren Ondare izendatua, Irikaitz aztarnategia eta Arrasateko Leizetxiki. Bi hamarkadatako indusketek 55.000 ondasun arkeologiko inguru eman dituzte Leizetxikin. Gainera, 130.000 urteko sekuentzia kronologikoa du Paleolito-Ertainetik Goi-Paleolitora bitarte. 

"Aztarnategi hauek guztiek iradokitzen dute Goi-Paleolitoko pasabide hori ez zela noizbehineko ibilbide bat, baizik eta belaunaldiz belaunaldi erabiltzen zen eta aztarna sakona utzi zuen bide estrategikoa. Hauen azterketek eta azken urteetako aurkikuntzek argi utzi dute Gipuzkoako lurpeko ondarea oraindik ez dela agortuko; eta ikerketa metodo berrien aplikazioek aukera ematen dute jada ezagutzen ditugun lekuetan sakontzeaz gain, oraindik aurkitu gabeko aztarnak identifikatzeko ere" adierazi du Andoni Larrañaga Lanbro Kultura Elkarteko kideak. 

Hitzaldi-afaria

Hitzaldia maiatzaren 8an, egubakoitza, 19:00etan hasiko da. Ondoren, Umore-Ona elkartean afaltzeko aukera egongo da. Afarirako izen-ematea 610 28 97 40 deituta edo webguneko formularioa beteta egin beharko da. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak