Soralucek bere Bergarako egoitza zuzeneko berrikuntzaren nazioarteko erakusleiho bihurtuko du, eguaztenetik egubakoitzera. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, "sektoreko profesionalek zuzeneko mekanizazioaren, teknologia berrien merkaturatzeen eta martxan dauden benetako industria aplikazioen erakustaldiak lehen eskutik ezagutzeko".
Estatu Batuetatik, Alemaniatik edo Frantziatik etorrritako 700 parte-hartzaile baino gehiagok martxan egongo diren 25 makina, zuzeneko mekanizazioaren zazpi erakustaldi eta sei arlo teknologiko bisitatuko dituzte.
Mundu mailako estreinaldia
Edizio honetako mugarri nagusietako bat "HGP goiko langetadun Gantry fresatzeko makinaren mundu mailako estreinaldia" izango da, Soraluceko Dynamic Line gamako makina bat. Makina sektore aeroespazialeko molde, matrize eta osagaien aplikazioetarako diseinatuta dago, "altzairu eta aluminiozko erdiakabera eta akabera eragiketetarako abiadura eta doitasun handiko gaitasunak eskainiz".
Soralucek dionaren arabera, HGPa 60 metro/minuturainoko desplazamendu abiaduretara iristen da, eta 4 m/s²-rainoko azelerazioetara eta 12.000 eta 30.000 rpm-dun elektroardatzez hornitutako bost ardatzeko buru berru bat ere badu.
Ingurukoekin konpromisoa
Ekitaldia sektoreko enpresei zuzenduta dagoen arren, erakundeei, hornitzaileei, ikastetxeei eta funtsezko beste eragile batzuei ere gonbita egin die Soralucek, enpresak bere inguru hurbilean egon daitekeen talentuarekin duen konpromisoaren adierazgarri.
Mondragon Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako (Tecnum) Ingeniaritza Mekatroniko eta Elektronikoko ikasleak, adibidez, bertan izango dura fabrikazio aurreratuko ingurune erreal bate lehen pertsonan ezagutzeko.