Elgoibar, Bergara eta Soraluze artean kokatzen da Dolmenen Ibilbidea. Hainbat indusketa arkeologiko egin dira bertan eta urte hauetan guztietan aurkitutako hainbat pieza daude orain ikusgai. Gaur ireki dute erakusketa Aroztegin eta hilaren 26ra arte egongo da zabalik.
Gordailuan egon ohi diren pieza arkeologiko baliotsuak dira publikoak ikusgai dituenak, eta lehenengo aldiz atera dituzte bertatik.
Elgoibarren, Bergaran eta Soraluzen erakutsiko dituzte. Martxoan egon ziren ikusgai Elgoibarren, Bergararen txanda da orain eta ostean Soraluzen ipiniko dute erakusketa.
Balio handiko piezak
Neolitoko, Kalkolitoko eta Brontze Aroko piezak dira; hau da, 6.000-3.500 urte artean dituzte. Besteak beste, zeramikazko ontzi zatiak, harrizko aizkorak, giza hezurrak, gezi puntak, edo apaingarri metalikoak dira eta adituen esanetan informazio baliotsua ematen dute historiaurreko komunitateen bizimoduari buruz: haien elikaduraz, teknologiari buruz, beste komunitateekin izan zituzten harremanez edo bizi-ohiturei buruz.
Ehun bat urte dira Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko trikuharrietan lehen indusketa lanak egin zirela. Teknika eta ikuspegi berriak erabiliz, guneak oraindik ere ikerketarako aukerak ematen dituela azpimarratzen dute adituek.
Jarduera osagarriak
Ekimenaren helburua da eskualdeko ondare megalitikoa herritarrengana gerturatzea eta historiaurreko ondarea balioan jartzea. "Ekimen honek interes zientifiko eta didaktikoa ez ezik, eskualdeko turismo kulturala eta naturala indartzeko aukera ere badakar, herritarrei eta bisitariei kalitatezko esperientziak eskainiz", azaldu zuten bultzatzaileek martxo hasieran egindako aurkezpenean.
Hori horrela, erakusketaren batera herritarren eta ikasleen parte-hartzea sustatzeko hainbat jarduera antolatu dira.
Ikasleendako bisita gidatuak egingo dituzte Aroztegin eta Dolmenen Ibilbidea bisita gidatu bidez ezagutzeko aukera izango da maiatzaren 2n.
Horrekin batera, apirilaren 21ean solasaldia egingo dute Aroztegin historiaurreko zeramikan aditua den Miriam Cubasek, arkeometalurgian aditua den Ignacio Monterok , antropologia fisikoan eta forentsean aditua den Francisco Etxeberriak eta ikatza eta hazi karbonizatuen analisian aditua den Monica Ruiz Alonsok. Aroztegi aretoan izango da 18:00etan.
Ekintzen egitaraua hemen dago ikusgai.