Aurkitutako materialak Gordailu bildumatik aterako dituzte publikoarentzat erakusteko. Pieza horiek Dolmenen Ibilbidean dauden monumentu megalitikoetan egindako indusketetan aurkitu dituzte, bai orain dela mende bateko indusketetan, bai azken urteotako ikerketa lanetan.
Erakusketa Elgoibarren, Bergaran eta Soraluzen egingo dute. Lehenengoa Elgoibarren izango da, martxoaren 19tik 26ra, Aita Agirre plazako 3. zenbakian. Ondoren, Bergaran jarriko dute, apirilaren 10etik 26ra, Aroztegi aretoan. Azkenik, Soraluzera eramango dute erakusketa, apirilaren 27tik maiatzaren 9ra, Baltegieta kaleko 2. zenbakian.
Ekimenaren aurkezpena gaur egin dute, hilak 11, eta bertan izan dira Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea, Gorka Artola Bergarako alkatea eta Unai Larreategi Soraluzeko alkatea, besteak beste. Halaber, Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarriko arduradun Aitziber Cortazar, Debemeneko Amaia Esnaola eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariak ere izan dira, tartean Juantxo Agirre koordinazio batzarkidea eta Jexux Tapia arkeologoa.
Historiaurreko ondarea ezagutzeko ibilbidea
Dolmenen Ibilbidea Elgoibar, Bergara eta Soraluze lotzen dituen ibilbide historiko-naturala da. Mendi gainetik doan bideak historiaurreko aztarnak —dolmenak, tumuluak eta bestelako monumentu megalitikoak— paisaia naturalarekin uztartzen ditu.
Ibilbidea seinaleztatuta dago, bisitariek monumentu megalitikoak erraz aurkitu eta jarrai ditzaten. Horri esker, naturaz gozatzeko aukera izateaz gain, eskualdeko historiaurreko ondarea ezagutzeko aukera ere ematen du.
Balio handiko aurkikuntza arkeologikoak
Dolmenen Ibilbidean egindako indusketek hainbat aztarna arkeologiko azaleratu dituzte. Aurkitutako piezek historiaurreko komunitateen bizimoduari buruzko informazioa ematen dute, besteak beste, haien elikadurari, teknologiari, harremanei edo ohiturei buruz.
Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko koordinazio batzarkidearen hitzetan, erakusketak erakusten du oraindik ere ikerketarako aukerak badaudela Dolmenen Ibilbidean, teknika eta ikuspegi berriak erabiliz. Gainera, azaldu duenez, erakusketan ikusgai jarriko diren material arkeologiko guztiak bertako trikuharrietan aurkitutakoak dira.
Herritarrentzat eta ikasleentzat jarduerak
Erakusketarekin batera, herritarren eta ikasleen parte-hartzea sustatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Besteak beste, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek bisita gidatuak egingo dituzte erakusketara, beren herriko ondarea ezagutzeko.
Bestalde, apirilaren 21ean, 18:00etan, solasaldi bat egingo dute Bergarako Aroztegi aretoan azken urteotako ikerketetan parte hartu duten adituekin. Bertan izango dira Miriam Cubas, Ignacio Montero, Francisco Etxeberria eta Mónica Ruiz Alonso.
Horrez gain, Dolmenen Ibilbidera bisita gidatuak ere antolatu dituzte martxoaren 21ean eta maiatzaren 2an, eta ibilbideari buruzko dokumental bat ere ekoizten ari dira. Ekintza guztiak doakoak izango dira, eta egitarauaren xehetasunak Debabarrena Turismoko webgunean kontsulta daitezke.