Dolmenen Ibilbidean dauden monumentu megalitikoetan egindako indusketek balio handiko aztarnak azaleratu dituzte. Udaletik azaldu dute aurkitutako piezek informazio baliotsua ematen dutela historiaurreko komunitateen bizimoduari buruz. Hala nola, haien elikaduraz, teknologiari buruz, beste komunitateekin izan zituzten harremanez edota haien ohiturez.
Juantxo Agirre, Aranzadiko Zientzia Elkarteko koordinazio batzarkidearen hitzetan, "erakusketa honekin demostratzen da oraindik Dolmenen Ibilbidean ikerketarako aukerak badaudela, teknika eta ikuspegi berriak erabiliz. Erakusketan ikusgai dauden material arkeologiko guztiak bertako trikuharrietan aurkitutakoak dira, bai orain dela 100 urteko indusketetan eta baita gaur egunekoetan. Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko herriei egin duten esfortzuaren ordain eta eskertza bezala ikusten dugu erakusketa hau".
Erakusketa zabalik egongo da egubakoitzetik apirilaren 26ra arte, eta honako ordutegian ikusi ahal izango da: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30ak arte egongo da ikusgai, zapatuan 12:00etatik 14:00ak arte eta 18:00etatik 20:30ak arte eta igande zein jai egunetan 12:00etatik 14:00ak arte.
Herritarrendako eta ikasleendako jarduerak
Erakusketaz gain, herritarren eta ikasleen parte-hartzea sustatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Hilaren 21ean, 18:00etan, Aroztegi aretoan solasaldi bat eskainiko dute azken urteetan ikerketan parte hartu duten adituek: Miriam Cubas (historiaurreko zeramikan aditua), Ignacio montero (arkeometalurgian aditua), Paco Etxeberria (antropologia fisiko eta forentsean aditua) eta Monica Ruiz Alonso (ikatza eta hazi karbonizatuen analisian aditua). Ekitaldia irekia eta doakoa izango da. Halaber, LH-6. mailako ikasleek bisita gidatuen bitartez ezagutu ahal izango dute erakusketa.
Bisita gidatua ere egingo dute maiatzaren 2an, eta informazio guztia dago eskura Debabarrena Turismoko webgunean. Apirilaren 27tik maiatzaren 9ra Soraluzera eramango dute erakusketa.